Agenda 21eko diagnostika fasea bukatu da

ttipi-ttapa 2007ko api. 11a, 19:27

Aipatu diren proiektuak gauzatzeko laster Agenda 21eko batzorde eragilea osatuko dute

Martxoaren 29an Agenda 21eko Bortzirietako Iraunkortasunaren aldeko plana aurkeztuko zuten Lesakako udaletxean Terra-Prometea taldeko teknikariek. 5 herrietako 25 bat eragile hurbildu ziren eta haien artean lehentasunezko 12 proiektu hautatu zituzten.

2005eko ekainaz geroztik Bortzirietako argazki bat ateratzen saiatu ondotik biztanleriari inkestak eginez eta Bortzirietako hainbat eragileekin bilduz gai berezi batzuei buruz eztabaidatzeko, herritarren eskakizunei erantzuteko eta Bortzirietako iraunkortasuna bermatzeko 58 proiektu aurkeztu zituzten. 12 sailetan banatu dituzte, hala nola, hezkuntza, kultura kirola eta euskara, osasuna eta zerbitzu sozialak, garraioa eta mugikortasuna, hirigintza eta etxebizitza, ekonomia, lurraldea eta ingurumena, ura, zaborren kudeaketa, energia airea eta zarata, tokiko kudeaketa iraunkorra, eta azkenik, parte hartzea informazioa eta komunikazioa. Sail guzi hauetan heldu diren 4 edo 5 urteetan burutu beharko liratekeen proiektuak zehaztu dituzte.

58 proiektu anitz izanik, lehentasuna zeintzuk izan beharko luketen zehazteko bozketa sinbolikoa egin zuten martxoaren 29an bildutako lagunen artean, eta 12 proiektu nagusi atera ziren. 10 botorekin arrakasta gehien bildu zutenak Bortzirietako mailan jarduera ekonomikoetarako eta industriarako lurrak garatzea, eta ur hornidura hobetzea izan ziren. Ondotik 9 punturekin, osasunaren diagnostika egitea eta dagokion plan funtzionala abian jartzea, eta beti ere osasunaren arloan, laguntzarako ekipamendua hobetzea. 8 botorekin, bertze 5 proiektu agertu ziren, hezkuntza zentroak hobetzea, amankomuna izanen zen hezkuntza proiektu bat definitzea, osasun zerbitzuetarako Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena lortzea, eta, ura eta mugikortasunaren mahaia osatzea. Azken hiruak, 7 boto bildu zituztenak hauexek izan ziren, 0 eta 3 urteko haurrei eskaintzen zaien lekuak handitzea, gazteentzako tokiak lortzea eta Bide Berdea martxan jartzea. Aukeratuak izan diren 12 proiektu hauek arlo soziala, ingurumena eta mugikortasunarekin lotuak dira gehien bat.

Hemendik aitzinera, plan hori kontuan hartuta, bertan agertzen diren proiektuen gauzatzea izan da helburua, eta horretarako Bortzirietako 5 udalek dagoeneko lehen pauso adierazgarria eman dute batzarretan plana onartuz. Horren ondorioz, Bortziriak iraunkortasunaren aldeko Nafarroako Tokiko Entitateen sarea sartuko da, eta bertan ematen diren dirulaguntzak eskatzen ahalko dira. Prozesua kudeatzeko berriz, laster, Agenda 21eko batzorde eragilea osatuko da udaletako ordezkariekin eta Cederna Garalurreko koordinazio teknikoarekin. Azken hunek ditu proiektuen gauzatzea segituko eta lehentasunezko proiektuak aukeratuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun