Desjabetzeak eginen dituzte N-121-A errepidea berritu ahal izateko

ttipi-ttapa 2007ko mar. 13a, 13:24

Hunkituak dauden herritar guziak dagozkien herriko etxeetara deituko dituzte martxoaren 19tik 22ra

Igantzi eta Bera artean N-121-A errepidearen ibilbide berriak zeharkatuko dituen lurren jabeak deitu ditu Herri Lan Sailak desjabetzeak burutzeko. Tramite guziak egin ahal izateko jabeek dagozkien udaletxetara joan beharko dute, hala nola, Igantzi, Etxalar, Lesaka edo Berara, matxoaren 19a eta 22a bitartean. Igantziko 65. kilometrotik Beraraino, lanak bi zatitan banatuko dira, Igantzi Etxalar eta Etxalar Bera. Zati hauen egiteko lanak dagoeneko adjudikatuak izan dira, eta biak enpresa talde berak eginen ditu, Ecay Andueza-Obrascon Huarte Lain SA –Idencosa SA enpresa taldeak hain zuzen ere. Lehen zatia deialdiko prezioa baino %2,5 merkeago adjudikatu da, 22 milioi eurotan. Bigarrena ere merkeago atera da, baina ez hainbertze, deialdiko prezioa baino %2 merkeago, 22, 2 milioi euro.

Obrak apirilean hasi beharko lituzkete eta aurreikusi dutenez 2009ko martxoko bukatuak egon beharko lirateke, Bera Endarlatsa eta Endarlatsa Behobia zatiekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun