Haurren minusbaliotasunaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte

ttipi-ttapa 2007ko mar. 13a, 11:18

Martxoaren 28an izanen da lehenbizikoa, Lesakako udaletxean

Haurren minusbaliotasunaren arloa lantzeko asmoz, jardunaldi batzuk antolatu ditu Lesakako Osasun Etxeak Bortzirietan. Antolatzaileen hitzetan, «oraingoz helburu bakarra gaiari buruz hitz egiten hastea da». Betidanik kezka sortu duen gaia delako, merezi duen denbora eta gogoa eman nahi dizkiote. Jardunaldi irekiak prestatu dituzte. Hala ere, gizarte agenteei gonbidapen berezi bat egin nahi izan diete: haur eta bigarren hezkuntzako eskoletako irakasleak, musika eta kirol eskoletan lan egiten duten laguntza eta orientazio taldeak, nagusiak, zuzendaritza, alkateak, zinegotziak garapen agenteak, kirol eta kultur elkarteak...

Lehenbiziko jardunaldia martxoaren 28an izanen da Lesakako udaletxean, 18:00etatik 20:00etara. Saio horretan, Bortzirietan egin den azkenengo haur minusbaliotasun ikasketa epidemiologikoaren emaitzak aztertuko dira. Hain zuzen, 16 urtez azpikoak zenbat diren, zein eskoletan dabiltzan, zein herritan bizi diren... Hori bai, datu pertsonalik eman gabe. Gisa berean, bai administrazioak eta bai elkarteek eskainitako zerbitzuak eta Bortzirietan bizitzearen oztopo eta abantailak izanen dira mintzagai. Iradokizunak jasotzeko aldia ere izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun