Asteazken goizean Bortzirietako Berdintasun Arloko ordezkariek, Ainhoa Guemes teknikaria, Marisol Taberna Berako Zinegotzia eta Patxiku Irisarri mankomunitateko presidenteak prentsaurrekoa eskaini zuten Etxalarko Kultur Etxean eramaten ari diren lanaren berri emateko. Emakumeen eguna gainean dugula, gure eskualdean iraganen diren ekitaldien berri eman zuen Mari Sol Tabernak.
Ortzegunetik igandera, emakumeek egindako obren erakusketa zabalik egonen da Berako Kultur etxean. Ortziralean, Igantziko Zahar Etxean, Kontukantoi taldeko ipuin kontalariek “Bazen behin…neska burugabe bat” lana eskainiko dute, eta ondotik afaria eginen da Zubiondoko jatetxean. Igande eguerdian, neskak protagonista diren herri kirol saioa jokatuko da Lesakako plazan, eta arratsaldean, Patricia Cardosoren “Las mujeres de verdad tienen curvas” pelikula eskainiko da Berako Kultur etxean. Berako zinegotziak zioenez, aurtengo ekitaldiak bertze herri batzuetara zabaldu nahi izan dituzte eta heldu den urtean norabide horretan segituko dute. Patxiku Irisarrik argi utzi nahi izan zuen, berdintasunaren aldeko ekitaldiak ez zirela egun batzuetara mugatzen, eta urte osoko lanak zirela. Hortaz aukera aprobetxatu zuen, urtarrilean eskualdeko hainbat eragilek sinatu zuten kontziliazio ituna aipatzeko. Batzordea eratzeko martxoaren 15ean bilera eginen dute arratsaldeko 17:00etan Lesakako Udaletxean. Bidenabar kontziliazio ituna irekia dagoela oroitarazi zuen eta interesatuak dauden guziek sinatu dezaketela. Horretarako Berdintasun Arloa kontaktatu behar dute bortziri_berdintasuna@yahoo.es helbide elektronikora idatziz edo 948635036 telefonora deituz.
Eramaten duten lana ahal bezain eraginkorra izateko eta ahal bezain bat oihartzuna izateko www.andretajabe.com web orria martxan paratu dute.