Gaur goizean aurkeztu zaizkie Bortzirietako alkateei N-121A errepidean eginen diren zabaltze lanak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ots. 28a, 16:50

Alvaro Miranda Herrilan kontseilariak eman ditu obraren azalpenak

Ekitaldira Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilaria ez ezik, lanen zuzendari orokorra eta departamentuko bertze zenbait kide ere hurbildu dira. Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea, Helena Santesteban Berakoa, Patxiku Irisarri Etxalarkoa eta Bixente Arozena Arantzakoa. Soilik Jesús Mari Begino Igantziko alkateak huts egin du hitzordura. Lehenik Alvaro Miranda kontseilariak hitza hartu du eta egitasmoaren zehaztapenak eman ditu. Aldi berean, bere departamentuko kideek egitasmoaren txostena banatu dute bertaratutakoen artean.

Alvaro Mirandak adierazi duenez, N-121A errepidea Nafarroako Interes Orokorreko errepideen artean sartua geldituko da aurrerantzean.
Obra egin ondotik, N-121A errepidearen gaitasuna areagotu eginen da. Nagusiki, oraingo errepidearen trazatua baliatuz, errepide lasterrek dituzten ezaugarriak bilduko ditu. Hala, aitzinatzeko erreiak izanen ditu eta segurtasuna eta erosotasuneko baldintzak areagotuko dira. Lanak bi zati izanen ditu, 65. puntu kilometrikotik Etxalarko bidegurutzea arte eta handik Berako saihesbidea hasten den arte.
Lehenean Bidasoa ibaia lautan zeharkatzen da 200, 110, 190 eta 105 metroko bidezubiak eraikiz.
Hasierako zatian Basataundiko zubia eraikiko da eta honek 425 metroko luzera izanen du.
NA-4020 errepidearen elkargunean (Arantza-Igantzi) lotune bat eraikiko da eta sarrera-irteerako uogimendu guztiak egin ahal izanen dira.
Errepideak 4.150 metroko luzera izanen du eta segida izanen du Etxalar eta Bera arteko zatiarekin. Honek 3.720 metroko luzera du eta kasu honetan Bidasoa ibaia bertze lautan zeharkatuko da 158, 120, 140 eta 172 metroko bidezubirekin.
Zatiaren hasieran Amisalaietako tunela erakiko da eta 305 metroko luzera izanen du. Alvaro Miranda kontseilariak agertu du lehen bi zatien esleipena egina dela. Denetara 4 zatik osatzen dute egitasmo orokorra, baina Miranda kontseilariak lehen biena egin du.

Istripu larria egun berean Lesakako bidegurutzean

Mirandak aipatu duenez, obra handi honen helburuetako bat errepidearen arriskua gutxitxea omen da, eta hain zuzen asteazken honetako agerraldiak, konnotazio bereziak izan ditu. Izan ere, agerraldiaren lekutik bizpahiru kilometrora istripu larria gertatu berria zen 2 ordu lehenago, eta haren ondorioz, pertsona bat hila.
2.006an istripuen kopurua dexente jautsi da, baina erne egon beharra dagoela erran du eta lanak lehen bait lehen hasi.

Belatetik Irungo ardatzaren eraberritzearen zati bat dira asteazken honetan aurkeztutakoak. Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean hitzarmena sinatu zen Etxalarren 2004ko maiatzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere konpromezuak bete ditu, hau da, Irun-Endarlatsa arteko zatia martxan jartzea. Orain Nafarroako Gobernuak gauza bera egin du. Ia 3 urte behar izan dira, baina Gobernuak uste du hobe dela lanei aldi berean ekitea, eragozpen gutxiago jasanen baitituzte eskualdeko bizilagunek.

Lanak 2009ko martxoaren 30ean akituak egotea aurrikusten da.

Eraikitze egitasmoak egin behar izan dira lehen pausu bezala, eta honek, lan haundia ekarri du kontseilariak adierazi duenez.
Asteartean Igantzi-Etxalar arteko zatia esleitu da 29.900.000 eurotan eta Etxalar-Bera artekoa 29.214.000 eurotan. Bera eta Endarlatsa artekoa lizitazio fasean dago. Dagoeneko aldizkari ofizialean argitaratu da eta proposamenak apirilaren 9a baino lehen aurkez daitezke. 18.133.000 eurotan lehiaketara atera da.
Lanak apirilaren 30ean esleituko direla aurrikusten da.
Gipuzkoako lanei dagokionez, eskaintzak otsailaren 16ko datarekin aurkeztuko dira eta orain balorazioa egiten ari dira. Aurrekontua 72 miloi eurokoa da, hauetatik Nafarroako Gobernuak 9.800.000 ordainduko ditu. Martxo hasieran lanak esleituko direla aurrikusten da.Zortzi kilometroko luzera dute lan hauek. 2 zatiak enpresa berberak eginen ditu Ecay-Andueza, Ideconsa eta OHN-k osatzen duten UTE-ak.
Obraren eboluzioa ohiko trafikoarekin nahiko bateragarri suerta daitekeela azpimarratu du kontseilariak.
Eskualdeko udalei segimendu batzorde bat eratzea proposatu die, eta hala, egunean eguneko datuak bilduko dira, arazoak eta irtenbideak elkarrekin bilatuz. Ahal den neurrian lanak eskualdeko biztanleentzat jasangarriagoak izatea bilatzen da gisa honetara.
Alvaro Mirandaren ondotik, Jose Luis Etxabarrik bi zatien zehaztapenak eman ditu panel batzuen laguntzarekin.
Erantzuteko aukera eman du kontseilariak eta Helena Santesteban Berako alkatesak hitza hartu du. Elkarlaguntza erabatekoa izan dela goraipatu du eta jarrera ona erabatekoa izan dela ere erran du.
Berako udalak egitasmoari alegazio bat aurkeztu ziola aipatu du. Izan ere, Beran zelaigune gutti direnez, horiek errespetatzea eskatzen zuten eta Nafarroako Gobernuak sensibilitatea izan duela erran du. Esfortzu hori beregain hartu izana eskertu du alkatesak.
Proiektuak dirutza kosta izanari dagokionez, arazo larriek irtenbide haundia behar dutela aipatu du, baina orografia arazo larria delako.
Baina orografia ez da arazo bakarra, Gipuzkoako Aldundiarekin izan diren azken urteetako trabak ere gogoan izan baititu.
Zati berri bakoitza moldatzeak trafiko pisudunen arazoa areagotuko duela aipatu du Berako heledunak, eta honi ere etorkizun batean Nafarroako Gobernuak irtenbidea bilatu beharko diola aipatu dio kontseilariari.
Behin aurkezpena eginda geroagorako hitzordua zehaztu dute, 2009ko martxorako, hala balitz…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun