Gure Txokoakoek ezustea eman zuten

ttipi-ttapa 2007ko ots. 27a, 15:20

Baloiaren jabetza etxekoena izan zen eta Beti Gaztekoek bukaeran baizik ez ziren piztu

Gure Txokoak 3 eta 2 irabazi zion Matzadan Beti Gazteri. Bortzirietako denboraldiko lehen derbian lesakarrak nagusitu baziren 4 eta 1, larunbat arratsaldean, beratarrek ezustekoa eman zuten, eta garaipeneko 3 puntuak eskuratu zituzten. Eguraldi txarra bazen ere, jende andana bat hurbildu zen bi herrien arteko partida ikustera.

Joxe Mari Erkizia Lesakako entrenatzaileak honako hamaikakoa zelairatu zuen: Joseba Teiletxea atepean; Jon Olaizola, Beñat Irazoki, Xabier Maritxalar eta Imanol Almandoz gibelean; Xabier Maritxalar euskarian; Beñat Maia, Iban Santesteban, Mikel Irigoien eta Benat Saralegi erdian eta Andoni Larralde aitzinean.

Ganix Zubieta Berako entrenatzaileak berriz honako hau; Xabi Garmendia atepean; Iñigo Lasaga, Imanol Oiartzabal, Joseba Petrirena eta Asier Irazoki gibelean; Iñaki Zelaieta, Mikel Larretxea, Eduardo Etxebeste eta Alain Morcillo erdian, eta Iñaki Irazoki eta Matias Teiletxea aitzinean.

Partidu hasieran, bi aldetan, joko kaskarra ikusi zen, baina aukera hoberenak eta baloiaren jabetza etxekoena izan zen. Hala ere, noizbehinka lesakarrek arriskua sortu zuten Berako atean, eta 25. minutuan Iban Santestebanek ederki aprobetxatu zuen area barruan zegoen baloi bat 0 eta 1ekoa sartzeko. Markagailuan gibeletik baziren ere, Gure Txokoakoek ez zuten etsi. Erritmo onarekin segitu zuten. Horren ordaina izan zuten lehen zatiko azken minutuan, Mikel Larretxeak lehen zutoian ateratako faltan, Lesakako defentsak bakarrik utzi zuen Iñaki Zelaietak, baloia sareetara bidali baitzuen banakoa lortuz. Bigarren zatia lehenaren antzera hasi zen, beratarrak ziren nagusi. 25. minutuan egindako presioak bigarren aldikoz ordaina izan zuen. Mikel Larretxeak, falta, lasterrean atera zuen, eta defentsak espero ez zuela, Eduardo Etxebestek aprobetxatu zuen buruz bi eta batekoak sartzeko. Hortik 4 minutura, lesakarrei hatsa hartzeko astirik utzi gabe, sartu berria zen Txomin Elgorriaga bakarrik gelditu zen atezainaren aitzinean Iñaki Irazokik emandako baloi zoragarri baten ondotik. Urduritu gabe, Joseba Teiletxea, Lesakako atezaina, menean hartu zuen 3 eta 1ekoarentzat. Orduan ailegatu zen Beti Gazteren erreakzioa, gorago jokatu zuten, eta Beratarren atearen aitzinean gehiago ikusi ziren. Bigarren zatiko 33. minutuan bultza eta bultza ari zirela, bigarren gola ailegatu zen. Mikel Irigoienek lehen zutoian erdiratu zuen azkar, eta Beñat Saralegik ederki moztu zuen buruz, atezainari aukerarik utzi gabe. Berdinketa lortzeko nahian lesakarrak presio handia egin zuten, baina etxekoek gogor eutsi zuten. Azkenean garaipena Gure Txokoarentzat izan zen 3 eta 2.

Larunbata goizean beteranoen arteko partidua jokatu zen eta norgehiagoka horretan lesakarrak gailendu ziren 0 eta 2.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun