Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak etorkinei ate berriak ireki asmoz, proiektu berria jarri du abian: «Bortzirietan bizi» baliabideen gida. Egitasmoa joan den astean aurkeztu zuten Patxiku Irisarri mankomunitateko presidenteak eta Igor Portu teknikariak.
Gida honekin duela bospasei urte hasitako emigrazioaren fenomenoaren jarraipena zela adierazi zuten egileek: «pertsona ezezagun haiengan hurbiltzeko lehenbiziko saioak egin zituzten eskualdeko hainbat erakunde eta taldek». Bide horretatik, 2005ean Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak, bortz herrietara ailegatutako bizilagun berrien errealitatea hobeki ezagutzeko asmoarekin ikerketa egin zuten: hauen kopurua, euskararekiko duten jarrera, eta ezaugarri sozio-demografikoen berri bildu zuten. Hortik abiatuz, 2006an bete beharreko lau egitasmo finkatu zituzten, eta horien artean dago aurkeztu berri duten harrera egiteko baliabideen gida.
Egileen hitzetan, Bortzirietatik kanpotik datozen guziei lehenbiziko harrera egiteko tresna da, eta hemengo berriak eta baliagarriak izan daitezkeen baliabide eta telefono lagungarriak eskaintzeko asmoz egin dute.
Solaslaguna egitasmoa
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltegiak «Solaslaguna» izeneko egitasmoa aurkeztu zuten otsailaren 20an. Bi erakundeek erakundeek sustatzen duten proiektu berri honekin euskara ikasten ari direnei praktikatzeko aukera eman nahi diete, erabiltzea delako ikasteko modurik emankorrena. Gisa berean, euskaraz dakitenei ere «bertze lagun batzuei euskaraz egoki solasten lagun-tzeko», proiektuan parte hartzeko deia egin zieten. Helburua: «giroa euskalduntzea».
Euskara erabiltzeko proiektu honetan, parte hartzaileek astean ordu bat eskaini beharko liokete egitasmoari. Gainerakoan, taldekideek erabakiko lukete noiz eta zertarako elkartu; baldintza bakarra euskaraz aritzea. Mankomunitatea taldeak egin eta taldekideak harremanetan jarriko lituzke. Solaslaguna proiektua berria da Bortzirietan, baina dagoeneko Euskal herriko hainbat lekutan abian da. Izen ematea 948 634125 edo 948 637796 telefonoan egin beharko da, edo bortziriak@euskalnet.net helbidean