“Bortzirietan bizi” etorkinentzako baliabideen gida

ttipi-ttapa 2007ko ots. 21a, 16:55

Bortzirietako udal batean erroldatu bezain laster eskuratuko dute gida berria

“Bortzirietan bizi” baliabideen gida aurkeztu dute Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak, Patxiku Irisarrik, eta teknikariak, Igor Portuk. Gida hau, urte anitzetako beste urrats bat besterik ez da. Duela bospasei urte hasi zen emigrazioaren fenomenoa, eta pertsona ezezagun haiengana hurbiltzeko lehenbiziko saioak egin zituzten eskualdeko hainbat erakunde eta taldeek. Gauzak horrela, 2005ean, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak, Bortzirietara ailegatutako bizilagun berrien errealitatea hobeki ezagutzeko asmoarekin ikerketa egin zuten, hauen kopurua, euskararekiko duten jarrera, eta ezaugarri sozio-demografikoen berri biltzeko. Hortik abiatuz, eta Bortziritar berri hauen laguntzeko asmoz, 2006an bete beharreko 4 egitasmo finkatu zituzten, migrazioaz eragileen arteko gogoeta sustatzeko jardunaldiak, herritarrak errealitate berriaz jabetzeko kanpaina, harremana sustatzeko ekimenak, eta azkenik, harrera egiteko baliabideen gida osatzea. Azken hau dute asteazken eguerdian aurkeztu.

Bortzirietako kanpotik heldu diren pertsona guziei lehenbiziko harrera egiteko tresna da. Hemengo berri eta baliagarriak izan daitezkeen baliabide eta telefono lagungarri batzuk eskaintzea da hunen helburua. Bortzirietako udalen batean erroldatu bezain laster Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarriko dira, eta hunek gidaren berri emanen dio. 280 ale argitaratu dira, eta oro har, lau sailetan banatua da, eskualdearen aurkezpena, eskaintzen dituen baliabideak, 8 hizkuntzetan itzulitako euskarazko hiztegitxoa, eta lagungarriak izan daitezken telefono zenbakiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun