2006ko urriaren 22an artzain besta ospatu zen Lesakan. Egun horretan herria txiki geratu zen. Iparralde, Nafarroa eta Euskal Herriko bertze probintzietatik etorritako artzainek zoko guztiak bete zituzten. Goizean meza izan zen eta bertan Erramun Martikorena eta Mixel Aire Xalbadorren semeak beren kantu eta bertsoekin denen bihotzak hunkitu zituzten. Segidan, Plaza Zaharrean erakustaldi franko izan zen. Zaldunek gidatuta, artalde batek herria zeharkatu zuen, makinaz eta aizturrez ardiei ilea moztu zieten, gasna modu tradizionalean nola egiten den erakutsi zen…eta bertze hainbat gauza gehiago. Joxe Mallea Renoko Unibertsitateko irakasleak, artzainek lertxoinetan utzitako idatzien berri eman zuen. Eguerdian 500 bazkaltiar inguru bildu ziren frontoian eta elkartasuna eta momentu hunkigarriak etengabe errepikatzen joan ziren.
Aurreskua, omenaldiak, musika, bertsoak, dantzaldia…baina osagai guzti hauetaz gain, bazen bertze bat denek espero zutena.” Bortzirietako artzainak Ameriketan” liburuaren aurkezpena egin zen eta artzainek eskuratzeko aukera izan zuten. 88 lekukotza biltzen ziren bertan eta behin parte hartzaileei oparituta, nahi zuen orok erosteko aukera izan zuen. Baina gauza ez zen horretan geratu. Liburuaren ondotik dvd-a etorri zen. Bertan artzainek utzitako argazkiak biltzen dira bere herria eta izena agertuz. Irudiez gain, hitzak ere betetzen du tarte nagusi bat. Artzainen lekukotzak entzun daitezke eta baita bertsoak ere. Artzain bestaren ondoren salgai jarri zen eta gure eskualdeko hainbat tokitan eskura daiteke gaur egun 10 euron truke. Lesakako Telletxea, Legarra eta udalean ; Berako estankoetan, Agerran, Igonen, Elkarren, Agaran eta Picion ; Igantzin ostatu berrian eta Bi-biden ; Arantzan okindegian eta Etxalarren Iturrian. Beraz, oraindik ere liburua eta dvd-a etxean ez dituenak, jakin-badaki non dauden erosgai.