Bortzirietako Lan Munduko Batzordeak enpresetan euskararen erabilera sustatzeko ekarpen berria garatu du. Bide horretatik garatu eta aurkeztu zuten batzordeko ordezkariek ilbeltzaren hondar aldera «Euskara Lan Mundura» izeneko liburuxka.
Enpresa munduan aurrerapausoak emateko garaia dela iritzita, euskara laneko hizkuntza izateko eskura dauden baliabideak bildu dituzte liburuxkan, tartean, Bortzirietako egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa ere bai.
Proeiktu berri honen gibelean Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Lan Munduko Batzordea dago, Bortzirietako Euskaltegia eta Euskara Mankomunitateko tenikariekin batera. Baina dagoeneko eskualdeko hainbat enpresatako ordezkarik bat egin dute ekarpenarekin: Arcelor, Condesa, Savera, Funvera, Martiko eta Zelaietakoek, hain zuzen. Halere, 20 langiletik goiti dituzten enpresa guzietako ordezkari eta arduradunei argitalpenak bidaltzeko asmoa dute.
Egitasmoa aurkezterakoan, euskararen erabilera planen aldeko ekimenaren berri ere eman zuten. Liburuxkan adierazten denez, «Erabilera plana enpresa euskalduntzeko bidea izanen litzateke», enpresaren ezaugarrietara moldatua, bertzeak bertze, irudi korporatiboa, eta barne zein kanpo harremanak euskalduntzeko. Euskara sustatzeko balioko duten diagnostikoa, baliabideak eta planak ageri dira. Gisa berean, erabilera plana PDCA zikloan oinarritzen dela erran dute: planifikatu, egin, egiaztatu, doitu.
12 arrazoi pisuzko erabilera plana abiatzeko
Argitalpenean erabilera plana abian jartzeko «pisuzko arrazoiak» ere bildu dituzte, lau puntutan laburbilduak. Hasteko, enpresek gizartean erantzukizuna dutela aipatzen da, eta «gurean, gizartearekiko konpromisoa izatea euskararekiko konpromisoa izatea dela». Bide batez, euskaraz lan egin ahal izatea «langileen gogobetetzerako hagitz garrantzitsua» dela erraten da. Bezeroak bere hizkuntzan erosteko aukera izatea «balio erantsia» dela ere azpimarratzen dute, eta lehiakorra izan nahi duen enpresak euskara ere kontuan hartu beharko duela. Arrazoiak arrazoi, plangintza abiatu aitzin aintzat hartu beharreko puntu bat ere aipatzen dute liburuxkan:«erabilera da ardatza, euskara hiztunak eguneroko zereginetan euskara erabiltzen hastea».