Ituren, Zubieta, Sunbilla eta hainbat herriko inauterien ondotik asteburu huntan, Arantza eta Igantziko inauterien txanda izanen da.
Ituren, Zubieta, Sunbilla eta hainbat herriko inauterien ondotik asteburu huntan, Arantza eta Igantziko inauterien txanda izanen da. Arantzan ortzegunetik larunbatera ospatuko dituzte, otsailaren 8tik 10era. Lehen egunean ohitura duten bezala gosaldu ondotik eskolara bisita eginen dute mozorro zuriek, eta hortik aitzinera Aientsa, Azkilarrea, Bordalarrea eta Eguzkialdea auzoetan barna ibiliko dira baserriz baserri puxkak biltzen. Biharamunean ere egitarau berdina izanen dute arantzako gazteek. Goizean indarrak hartu eta, eskean segituko dute, baina orduan herrian bertan. Arratsean, Emakumeen afaria eta bertsoena biak batera eginen dituzte Aterpen. Azken urte hauetan bezala Jon Maia eta Jesus Mari Irazu arituko dira bertsoak kantatzen. Afalondoan, oinak arindu nahi dutenentzat Mikel Salaberri soinulariak dantzaldia eskainiko du Herriko Etxeko gorapean. Larunbatean herriko gazteak ez dira eskean ibiliko, baina arratsaldean ez da ekitaldirik faltako. Haurren mozorroen desfilearekin hasiko dituzte azken eguneko ospakizunak, eta meza ondorako apustuak antolatu dituzte. Aizkoran, herriko 6 gazte arituko dira bikoteka banaturik, Xabi Agesta eta Xabi Larretxea, David Iturria eta Patxi Mutuberria, eta, Eduardo Telletxea eta Julio Lukanbio. Aizkolarien arteko lehiaketa bukatu bezain laster, generoen arteko leheiaketarekin segituko dute neskak mutikoen aurka arituko baitira herri kiroletan. Bezperan bezala musikarekin bukatzeko Jalisko Band taldeak herriko etxeko ataria animatuko du.
Igantzin egun bat beranduago hasiko dira, ortziralean hain zuzen ere. Lehen egunean, gazteak etxez etxe ibiliko dira Berrizaun auzoan eta herrian bertan eskea egiten. Biharamunean ere hala eginen dute, baina herriko bertze auzoetan, Irisarri, Unanu eta Frain aldeko baserrietan. Ohi bezala, mozorroek eta musikariek, alaitasuna eta umorea hedatuko dute auzoz auzo. Iluntzean herrira itzuliko dira besta ordu ttikiak arte segitzeko herriko ostatuetan.