Bortzirietako Korrika Batzordeak lehen bilera eginen du ortzegunean

ttipi-ttapa 2007ko ots. 5a, 15:32

Gure eskualdean apirilaren 1ean pasatuko da, ekitaldiaren azken egunean

Korrikaren 15. edizioa martxoan hasiko da, eta aurten ere gure eskualdean pasatuko da. Horretarako Bortzirietako Korrika Batzordea abiatzeko lehen bilera eginen da heldu den ortzegunean otsailak 8 arratsaldeko 19:30ean Berako Iamotenean. Ekitaldi hori antolatzen aritu nahi duten guziei irekia da, eta laguntza guziak ongi etorriak izanen dira.

Hilabete bat pasatxo gelditzen da aurtengo korrika hasi baino lehen. Martxoaren 15ean hasik da Karrantzan, Bizkaian eta apirilaren 1ean bukatuko da Iruñean. Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik ibili ondotik azken egunean gure eskualdean pasatuko da goizeko ordu ttikietan, 3:00ak aldean hain zuzen ere. Horren antolatzeko tokian tokiko arduradunak eta antolatzaileak beharrezkoak izaten dira, bai egunean bertan lan egiteko, baita aitzinetik giroa berotzeko ere. Hori dela eta, urtero bezala Korrika Kulturala deitzen denaren barnean hainbat ekitaldi antolatuko dira heldu diren egun hauetan.

Dagoeneko jakinen duzuenez, korrika 15ek euskal emakumea omenduko du, euskal emakumeak gure hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi dituelako. Beraz, urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu korrika 15ek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun