Emakumeei buruz egindako ikerketaren emaitzak ezagutzera eman dira

ttipi-ttapa 2007ko ots. 5a, 13:49
Soziologia Lantegiko Carlos Vilchesek Berako Kultur Etxean eman zuen ikerketaren emaitzen berri apirilaren 18an. TTIPI TTAPA

400 emakumeri inkesta egin die Soziologia Lantegiak

Apirilaren 18an eman ziren jakitera Berako Kultur Etxean Soziologia Lantegia enpresak Bortzirietako gizarte zerbitzuen eskariz 400 emakumeri egindako inkestaren emaitzak. Ikerketaren zuzendaritza eta analisia egin duen Carlos Vilches soziologoak eman zuen datuen berri Kultur Etxean, bertara hurbildutakoei.

Bortzirietan, 2001eko azken erroldaren arabera, 16 urtetik goitiko 3.453 emakume daude eta horietatik 400eri egin zaie elkarrizketa, etxez etxe. Ikerketa honetan parte hartu duten emakumeen banaz bertzeko adina 44,6 urtekoa da eta erdia baino gehiago ezkondurik dago. 30 urtez beheitiko emakumeen %71,3a ezkondu gabe dago. Emakume guztien herenak etxetik kanpo egiten du lan, gehienak kontratu finkoarekin eta %19,2a behin behineko kontratuarekin. Bortzirietako emakumeen lanpostuen %82,7a zerbitzu pertsonalak, ostalaritza eta komertzio arlokoak dira. Emakume gehientsuenek ez dute pertsona zaharrik, haurrik edo minusbaliaturik bere kargura eta ez dute beretzat inolako zainketa edo laguntza berezirik behar. Inguruko emakume gehienek telebista ikusten, paseatzen eta lagunekin ematen dute beren aisialdia. Bertzalde, udalek emakumeentzako jarduerarik antolatzen ez dutela, edo ez aski, erraten dute.

Bortzirietako emakume gehientsuenek eskualdean bizitzen segitzeko asmoa dute. %8,5ak bakarrik erran zuen bere udalerritik ateratzeko gogoa edo arrazoiren bat zuela. 30 urte baino gutxiagokoetan eta Beran bizi direnetan agertzen dira Bortzirietatik kanpo hainbat herrietara bizitzera joateko ideia duten emakumeak biltzen dituzten ehunekorik handienak. Inkestaturikoen %70,5aren aburuz emakumeentzat ez dago aukera berdintasunik Bortzirietako herrietan; familiaren eremuari buruzko balorazioa, berriz, bertzelakoa da: %61,7aren iritziz, bi generoek egoera berdina eta aukera berberak dituzte. Gehiengo handi bat, %84,3, ados dago etorkizunean eskualdeko gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunerako plan bat gauzatzearekin.

Ginekologia eta familia planifikazio zerbitzua

Emakumeen %96ak eskualdean ginekologia zerbitzua izatea eskatzen du eta %93a familia planifikazioa zerbitzua jartzearen alde dago. Osasun arloan ongi zainduak sentitzen ote diren galdetutakoan, emakumeen %2,8ak “hagitz ongi” erantzun zuen, %45,5ak “ongi”, %32,5ak “erdizka”, %13,3ak “gaizki” eta %3,8ak “hagitz gaizki”. Ikerketaren arabera, jubilatuen egoitza da eskualdeko zerbitzu eta erakundeen artean banaz bertzeko puntuaziorik onena lortu duena, 7,2. Ondotik Osasun Zentroak 5,9 eskuratu du eta herriko elkarteek 5,7. Udaletxeek hartu dute puntuaziorik eskasena, 5,2koa. Bortzirietako emakumeei eragiten dien arazorik nagusiena langabeziarena da, galdetutakoen %38,5ak hori erantzun baitu. Ondotik etorriko lirateke garraioa (%20,5), eskualdean ginekologia eta familia planifikazio zerbitzurik ez izatea (%17,3) eta etxebizitza eskuragarririk ez izatea (%15,3).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun