Bortzirietako I. Piropo Lehiaketa martxan da

Rakel GOÑI 2007ko urt. 30a, 15:52

Parte hartzaile guziak Euskal Herriko Lehiaketan ere aurkeztuko dira

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Lehen Piropo Lehiaketa antolatu du Labiaga Ikastola, Toki Ona Institutua eta Xorroxin Irratiaren laguntzarekin. 18 urte bitarteko gazteei zuzendua da, eta parte hartu ahal izateko asmatutako euskarazko piropoak www.aisia.net web orrian sartu beharko dira otsailaren 19a baino lehen. Bortzirietako piropo onenarentzat saria Gorlizko aterpetxean 4 lagunentzako egonaldia izanen da.

Bortzirietako lehiaketan parte hartzen duten piropo guziak Euskal Herriko III. lehiaketan ere aurkeztuko dira. Bertan sari gehiago irabazten ahalko dira. Lehena, Gorlizko aterpetxean 8 lagunentzako egonaldia izanen da, baina horrez gain CDak, liburuak, kamisetak eta jokoak bertzeak bertze banatuko dira. Bortzirietako parte hartzaileekin saio bereizia eginen da Xorroxin Irratian. Beraz zure burua kaleko poetatzat baduzu edo pareko etxeko igeltseroen piropo kaxkarrez aspertuta bazaude, hau da zure trebezia erakusteko aukera.

Euskal Herriko lehiaketari dagokionez, modu berritzailean eginen da, horretarako bereziki prestaturiko webgune baten bidez egingo baita. Gune honetan lehiaketaren oinarriak izateaz gai, bertara piropoak bidaliaz parte hartzea izango da. Proposamen guztien artean hautapen batzorde batek hamar piropo aukeratuko ditu, eta orri honetan erakusgai jarriko dira. Lehiaketaren irabazlea webgunean sartzen diren pertsonek botoa emanez aukeratuko dute hamar hauen artean.

Parte hartzeko ideia izan dezazuen, hauxe da iazko Euskal Herriko Lehiaketa irabazi zuen piropoa: “Ordulariaren orratz txikia izan nahi nuke orduero zurekin egoteko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun