Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi Taillon eskalatzen hil ziren

ttipi-ttapa 2007ko urt. 26a, 15:27
Taillon igotzen hasi baino lehen argazki hau atera zien Edurne Pasabanek Bera eta Lesakako hiru mendizaleei eta Asier Izagirre igoera kideari. Utzitako argazkiak

Omenaldi hunkigarria egin zitzaien urtarrilaren 14an Beran

Mendiko berriei dagokienez, ezin beltzagoa izan da aurtengo ilbeltza. Hilaren 5ean, Unai Etxepare mendizale lesakarra hil zen Anayeten. Astebete beranduago, hilaren 13an, Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea Berako lehengusuak eta Xabier Saralegi lesakarra hil ziren Gavarnieko zirkuan, Taillon mendian eskalatzen ari zirela. Hiruak ere mendizale esperientzidunak eta trebatuak ziren. Zubieta eta Loro Himalaian ere ibiliak ziren, 8.000 metrotik goitiko Gasherbrum eta Shisha Pangman bertzeak bertze. Agerra mendi taldeko kide eta bultzatzaileak, biek Manttale mendi lasterketa taldea sortu berria zuten eta Nafarroako mendi lasterketa selekzioa sortu nahizik zebiltzan.

Saralegi ere pausuz pausu ari zen bere mendi zaletasuna garatzen. Hiruak, astebete lehenago Unai Etxepareren bila ibiliak ziren eta Saralegik topatu zuen bere lagunaren gorpua.

Hiru mendizaleen istripuaren berriak samina eta goibeltasuna hedatu zuen berriz ere Bortzirietan. Familiakoek eta senideek Tarbeseko gorputegira joan eta biharamonean gorpuak Berara ekartzea lortu zuten. Egun horretan, omenaldi hunkigarria eskaini zitzaien hiru mendizaleei kiroldegian antolatutako hil kaperan. Zubieta eta Pikabearekin Himalaian sukaldari ibili zen Nima sherpak erritu tibetar-budista bete zuen, kandelak piztuz eta hildakoei edaria eta janaria eskainiz. Aurreskua ere dantzatu zen eta Bera eta Lesakako abesbatzek elkarrekin «Hegoak» kantua eskaini zieten. Bertsoak eta kantuak ere izan ziren eta lagun eta senide batzuk hitza hartu zuten, hiru hildakoen izena goraipatzeko eta gelditzen direnei babesa edo animoak emateko.

Ilbeltzaren 20an eta 27an hiru mendizaleen errautsak Santa Barbaran eta Aiako Harrian hedatu zituzten, bertze omenaldi ekitaldi xume eta hunkigarrietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun