“Mundua Bortzirietan” liburuxka banatu dute

ttipi-ttapa 2007ko urt. 26a, 11:24

Immigrazioarekin zerikusia duten gaiak landu dituzte Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek eta Euskara Mankomuniateak elkarlanean

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek eta Euskara Mankomunitateak immigrazioarekin inguruko euren azken lana kaleratu dute: “Mundua Bortzirietan” esku-orria. Urtarrilaren 22tik 26era bitartean etxez-etxe banatu zuten, asmo argi batekin: «Gure herrietan bizi direnek immigrazioaren fenomenoaz kontzientzia hartzeko», dio Patri Arburua Bortzirietako euskara teknikariak. Horretarako, bortziriarrak egun batean immigrante izan zirela hartu dute abiapuntu. Bortzirietan 10 lagunetik 1 Euskal Herritik kanpo etorria da, 873 lagun inguru guzira. Egoera ekonomiko, sozial edo politiko hobe baten bila etorri dira gehienak. Bizi kalitate oparo bat desiatu arren, aunitzek eskubideen urraketa haundiak pairatzen dituzte, baita Bortzirietan ere. Hori dela eta, herritarren laguntza eskatu dute liburuxkaren egileek: «eskubide guziak pertsona guzientzat».

Igor Portu Bortzirietako gizarte langileak bortz herrietako etorkinen datuak eman dizkigu: «Beran bizi dira etorkin gehienak, 521, Berako herritarren %14. Etxalarren 78, %9 pasatxo, eta Lesakan 250, %9 pasatxo». Datuek kanpotar gehienak Europar Batasunetik datozela adierazten dute, estatu espainol eta frantsesetik etorritakoak barne. Hego eta Ertamerikatik etorriak, berriz, 180 inguru.

Etorkinen auniztasuna da liburuxkaren egileek azpimarratu duten bertze ezaugarria: «hainbat kultura, ohitura, hizkuntza eta erlijioren jabe den jendea dagoelako, baldintza ezberdinetan etorriak». Egoera horretan, etorkinei buruz mintzatzean «ikuspegi murritzak eta topikoak alde batera uzteko» eskatu dute, «esperientzia eta istorio ezberdin aunitzez ari garelako».

Guk haiena, haiek gurea

Elkar ezagututa elkarrekin bizitzea errazagoa izanen dela iritzita, euren kultura eta hizkuntza barneratzeko eginahalak egin behar ditugula adierazi dute liburuxkan. Hain zuzen, «horixe delako haiek ere gureaz interesatzeko bidea». Bortziriarrok immigranteena barneratzeaz gain, «gure hizkuntza eta kultura minorizatua berreskuratu eta normalizatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu beharko genituzke etorkinak». Bortziriar aunitz garai batean etorkinak izan zelako, eta egun kanpotik jende andana etortzen delako, hainbat lekukoren testigantzak ere bildu dituzte liburuxkan, Euskal Herrian zein kanpoan jaiotakoena. Helburua, elkarrekin bizitzen ikastea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun