Euskara Lan Mundura argitaratu du Bortzirietako Lan Munduko Batzordeak

ttipi-ttapa 2007ko urt. 25a, 17:32

Bertan enpresetan euskararen erabilera sustatzeko balio duten hainbat informazio irakurtzen ahalko dira

Kaleratu berri duen enpresetan euskara areagotzeko planei buruzko argitalpena aurkezteko prentsaurrekoa eskaini du ortzegun eguerdian Bortzirietako lan munduko batzordeak. Liburuxka horretan euskara sustatzeko balioko duten diagnostikoa, baliabideak eta planak bildu dituzte. Horren aurkezteko Arcelor, Condesa, Savera, Funvera, Martiko eta Zelaieta enpresetako langileen 15 bat ordezkari bildu dira. Hauen izenean Arceloreko Joseba Indabere, Saverako Manuel Agirre eta Euskara Mankomunitateko Urko Ikardok hitz egin dute.

Argitalpena aurkezten zutela, erabilera planen aldeko ekimenaren berri emateko parada baliatu zuten. Bortzirietan dagoeneko lau enpresetako batzordeek bat egin dute eskakizun hauekin, Arcelor, Condesa, Savera eta Martikokoa.

Jakinarazi dutenez 20 langiletik gorako lantegi guzietako ordezkari eta arduradun guziei bidaliko dituzte argitalpenak. Gisa berean aipatutako hiru eskakizunak biltzen dituen agiria lantegi guzietara zabaldu nahi dute. Lan horretan, ahal bezain eraginkorragoa izateko, Euskara Mankomunitateari eta udal ordezkariei bitartekaritza lana egitea eskatu die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun