Berako eta Lesakako hiru mendizale hil dira Taillonen erorita, Frantziako Pirinioetan

ttipi-ttapa 2007ko urt. 15a, 10:37
TTIPI TTAPA

Hirurak eskarmentu handiko mendizaleak ziren, Pirinioetan, Alpeetan edo Himalayan ibiliak

Bortzirietako hiru mendizale hil ziren atzo goizean Taillon (3.144 metro) mendiaren iparraldeko horma eskalatzen ari zirela erori ostean, Frantziako Pirinioetan, Gavarnien (Pirinio Garaiak): Xabier Zubieta Erkizia eta Luis Mari Pikabea Zubieta Loro, Berako 33 urteko lehengusuak; eta Xabier Saralegi, Lesakakoa, 32 urtekoa. Hirurak eskarmentu handiko mendizaleak ziren.

Istripua 10:30 aldera gertatu zen. Poliziaren esanetan, hiru mendizaleei soka «askatu» egin zitzaien. Istripua ikusi zuen mendizale bizkaitar baten esanetan, aurrean zihoan mendizaleak irrist egin zuen eta beste biak herrestan eraman zituen. 250 metro amildu ziren, eta bertan hil. Jendarmeriako larrialdietarako taldeek 12:00etan jaso zituzten gorpuak, eta Tarbesko ospitaleko beilategira (Pirinio Garaiak, Frantzia) eraman zituzten. Bertara joan ziren senideak, Berako Udaleko ordezkariak eta Nafarroako Gobernuko larrialdi zerbitzuen arduraduna. Uste dute gorpuak bihar eraman ahal izango dituztela Berara eta Lesakara.

Hainbat lagunek ikusi zuten istripua, mendizale asko ibiltzen baita inguru horretan. Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea eta Xabier Saralegi Taillon mendiaren iparraldeko horma eskalatzen ari ziren. 700 metroko elurrezko, izotzezko eta harrizko horma, zailtasun handikoa, 50-55 graduko maldak dituena. Gavarnieko sorospen zentroko bozeramailearen arabera, atzo eguraldi ona egin zuen, baina bero egin zuenez, elurraren baldintzak ez ziren onenak

SARALEGIK UNAI ETXEPARE AURKITU ZUEN.

Duela astebete Unai Etxepare Elizegi 29 urteko lesakarra hil zen Anayet mendian (Huesca, Espainia), erorita. Unai Etxepare atzo hil ziren hiru mendizaleen laguna zen, eta atzo hil zen Xabier Saralegi izan zen Etxepareren gorpua aurkitu zuten mendizaleetako bat, gauez bilatzen aritu ostean.

Xabier Zubietak, Luis Mari Pikabeak eta Xabier Saralegik eskarmentu handia zuten mendian. Zubieta eta Pikabea lehengusuak Berako Agerri Mendi Taldeko kideak ziren, mendizale zailduak; bai alpinismoan, bai eskaladan, bai izotz eskaladan eta baita mendiko eskian ere.

Pirinioetan eta Alpeetan trebatuak, Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Zubietak eta Pikabeak Andeetako mendiak ere ez zituzten arrotzak, 1997an Peruko Mendikate Zurian izan ziren.

Himalayara jauzia izan zuten hurrengo urratsa. Berez, Shisha Pangma (8.013 m) zuten begiz jota. «Argazkietan ikusi genuen hormak zirrara eragin zigun, eta gure lehen zortzimilakoa izan zedin nahi genuen», esan zuen Luis Mari Pikabea Loro-k Diario de Navarra-n. Hala ere, Shisha Pangma igotzen saiatu aurretik, Gasherbrum IIa igotzeko aholkatu zieten, eta 1999an igo zuten Gasherbrum II-a (8.035 metro). Bi lehengusuek jo zuten gailurra.

HIRU SAIO SHISHA PANGMAN.

Gasherbrum IIa igo ostean, Shisha Pangma izan zuten helburu. Zubietak eta Pikabeak bi saio egin zituzten elkarrekin: 2001ean lehena, eta 2003an bigarrena. Pikabeak hirugarren saioa ere egin zuen iaz, Edurne Pasabanekin batera.

Hirurak oso ezagunak ziren, bai Beran, bai Lesakan, kirol eta mendi gaietan batez ere. Luis Mari Pikabea Loro, sukaldaria zen. Xabier Zubieta lehengusua, igeltseroa.

Zubietak eta Pikabeak Gasherbrum II-a igo zuten 1999an; Pikabeak hiru saio egin zituen Shisha Pangman

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun