Emakumeen aurkako bortizkeria salatu du Mankomunitateak

ttipi-ttapa 2006ko abe. 5a, 10:13
Helena Santesteban Berako alkateak, Marisol Taberna zinegotziak, Uxua elkarteko Dominica Mercadal eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Ainhoa Guemesek kanpaina honen inguruko prentsaurrekoa eskaini zuten

Azaroaren 25ean pankartak jarri ziren bortz herrietako udaletxetan

Azaroaren 25ean emakumeek jasaten duten bortizkeriaren kontrako eguna egin zen mundu osoan. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hainbat ekimen eta hitzaldi antolatu zituen. Bortzirietako Mankomunitateak bortizkeria mota horren aurkako mozioa onartu berri du eta udaletxe guzietan pankartak jarri ziren.

Bortzirietako Mankomunitateak onartutako mozioak, emakumeen aurkako bortizkeria, munduko leku guzietan bezala, Bortzirietan ere badela azpimarratzen du eta horren aitzinean lehenbailehen neurriak hartu behar direla: lehenik, emakumeen aurkako bortizkeriaren larritasunaz gizartea kontzientziatu eta salatua izan dadila lortu; emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko neurriak hartu; bortizkeriaren biktimak diren pertsonen babesteko azpiegiturak planeatu; eta, azkenik, esparru publikoan zein pribatuan, sexistak ez diren ekintzak bultzatu, norberaren begirunean eta duintasunean oinarrituz. Helburuok lortzeko denon elkarlana behar dela azpimarratu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun