Heldu den larunbatean, emakumeek jasaten duten bortxakeriaren kontrako eguna eginen da mundu mailan. Gure eskualdeari dagokionez, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hainbat ekimen eta hitzaldi antolatu ditu. Horiek horrela, Bortzirietako Mankomunitateak bortizkeria mota horren aurkako mozioa onartu berri du, eta horren harira, azaroaren 25ean udaletxe guzietan pankartak jarriko dira. Arazo hori buruz informazio gehiago zabaltzeko hitzaldiak eta bideo proiekzioak eginen dira heldu diren egun hauetan Lesakan eta Beran. Kanpaina eta egunaren inguruan zehaztasun gehiago emateko, Helena Santesteban, Berako alkateak, Mari Sol Taberna Berako zinegotziak, Dominika Mercadal Uxua Emakumeen Taldeko kideak eta Ainhoa Güemes Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariak prentsaurrekoa eskaini dute Berako batzar aretoan. Helena Santestebanek, Bortzirietako Mankomunitateak onartu duen mozioa irakurri du. Idatziak, emakumeen aurkako bortizkeria, munduko leku guzietan bezala, Bortzirietan ere existitzen duela azpimarratzen du eta horren aitzinean lehen bai lehen neurriak hartu behar direla. Mozioak lau puntu nabarmentzen ditu.
_Emakumeen aurkako bortizkeriaren larritasunaz gizartea kontzientziatu eta salatua izan dadila lortu.
_ Emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko neurriak hartu.
_Bortizkeriaren biktimak diren pertsonen babesteko azpiegiturak planeatu.
_ Esparru publikoan zein pribatuan, matxista ez diren ekintzak bultzatu norberaren begirunean eta duintasunean oinarrituz.