Euskara Mankomunitateko Lan Munduko Batzordeak Bortzirietako lantegietan lehiaketa-zozketa antolatu zuen urrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Euskal Herriko burdinolei buruzko testu bat proposatu zuten, eta langileek bertan ziren hutsuneak hitz egokiekin bete behar zituzten. Lantegi guztietatik erantzunak jaso zituzten, eta zuzen zeudenen artean bakar bat aukeratu zuten zozketa baten bitartez. Azken hau, urriaren 31n egin zuten Arantzako Herriko Etxean. Irabazlea Iñaki Igoa lesakarra izan zen. Hori dela eta, bi lagunentzako afaria irabazi zuen Etxalarko Herriko Ostatuan.