Langile bat hil da garabitik erorita Alkaiagan Neumaticos Bidasoak eraikitzen ari duen nabe berrian

Joxemanuel IRIGOIEN 2006ko ira. 21a, 12:13
Argazkian kamioia eta saskia lotuta zuen garabia ttipi-ttapa

Javier Marturet Jauregi, 51 urteko Iruñeko langilea, soldadura lanetan ari zen

Ezbeharra atzo arratsaldeko 17:00 aldera gertatu zen Alkaiagako industrialdean Neumaticos Bidasoa enpresak egiten ari duen nabe berrian. Itxura denez, hildako langilea garabi baten gainean eta saski baten barrenean sartua ari zen lanean metalezko egitura batean soldadura lanak egiten, lurretik hamar metro ingurura. Momentu batean, garbi ez dauden arrazoiengatik, saskia dilindan hasi eta garabitik beheiti erori egin zen. Hildako langileak, Javier Marturet Jauregik, 51 urte zituen, eta Iruñean bizi zen. Montajes Uztarroz eraikuntza enpresarentzako egiten zuen lan eta Alkaiagako Neumaticos Bidasoa lantegiarentzat nabe berri bat eraikitzeko lanetan ari zen.

Alkaiagako Istripua gertatu bezain pronto Lesakako osasun zerbitzuko kideei eman zieten abisua; 112 Larrialdietarako telefonoan ere deia hartua zuten. Medikuek, ordea, ezin izan zuten deus egin 51 urteko gizona salbatzeko eta anbulantzia ailegatu zenerako langilea hilik zela ziurtatu zuten Lesakako sendagileek.

Langilearen gorpu hila Iruñera eraman zuten, Nafarroako Ospitalera, autopsia egiteko. Foruzaingoak hartu zuen atzo bertan gertatu zena argitzeko ardura, eta saskia garabitik libratzeko arrazoia zein izan den zehaztekoa. Datu guztiak Iruñeko dagokion epaitegira igorriko dituztela ezagutarazi dute foruzainek.

Urte honetan Nafarroan lan istripuan hil den 19. langilea

Sindikatuek salatu egin dute atzoko ezbeharrarekin dagoenekoz 19 direla aurten Nafarroan lan istripuan hil diren langileak. Konparazio batera CCOO sindikatuak prentsa ohar baten bidez salatu du Alkaiagako heriotza. Elkartasuna helarazi dio langilearen familiari, eta atsekabea agertu du atzo gertatu zen istripuarengatik. «Nafarroan 19 langile zendu dira jada aurten lan istripuetan». Administrazioak duen ardura azpimarratu du sindikatuak, eta Lan Arriskuen Prebentzio Legea betearazteko eta lan ikuskaritzak egiteko eskatu dio, istripuak prebenitu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun