Zeltiarrak izan daitezken aztarnak topatu dituzte Agiñan

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 18a, 12:36

Europa eta Estatu Batuetako arkeologia adituak biltzen dituen Archäologie in Gleiderger Land, e.V. elkarteko kideek zeltiarrak izan daitezkeen aztarnak topatu dituzte Agiñako gainean. Elkarte honek, inguru horretan indusketak egiteko lehenbiziko tramiteak ere egin ditu.

Agiñan hiru ibilbide seinalizatzeko egin beharreko lehenbiziko lanetan ikusi zituzten adituek gelditzen diren aztarnak, garai batean Agiña ostatua zen etxearen gaineko aldean. 2.000 metro koadroko eremu borobilean, lurrarekin eta belarrarekin kasik erabat estaliak dauden harriez gain, muga egiten dute bi hesi ere ageri dira. Hasierako hipotesien arabera, asentamenduaren forma eta altuera ikusiz, zeltiarra izan daitekeela aipatu dute teknikariek.

Archäologie in Gleiderger Land elkarteak, Claudia Nickel doktorearen zuzendaritzapean, aitzinproiektua idatzi du dagoeneko. Urtea akautu baino lehen txostena idatziko dute eta honekin, indusketak egiteko baimenak eskatuko dizkiete Nafarroako Gobernuari eta Lesakako Udalari. Lehen indusketa lanak 2007ko udazkenean egitea da elkarte honen asmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun