N-121A errepidea moldatzeko proposamen bateratua eskatu du herri mugimenduak

ttipi-ttapa 2006ko abu. 3a, 14:26
Juan Mari Arburua, Josu Goia, Patxiku Irisarri eta Andoni Sarasola, Etxalarren urriaren 28an egindako prentsaurrekoan. ttipi-ttapa

Iruñean eragiteko ekimenak elkarlanean bideratu behar direla uste dute

Urriaren 28an Bortzirietako herri mugimenduetako hautetsiek prentsaurrekoa deitu zuten Etxalarren, N-121A errepideaz solasteko. Historia egin ondotik, eskualdeko talde eta alberdi politiko guzien artean lan egiteko premia azpimarratu zuen Patxiku Irisarrik. «Hainbat talde aritu gara hobekuntzak eskatzen, soilik guztiok batera aritu garenean lortu dugu Iruñean kasu egitea. 1990ean eskualdeko udal ia guztiek onartu zuten Belateko tunelaren proiektua gauzatzeko mozioa eta orduan lortu zen lana egitea».

Herri mugimendua osatzen duten taldeek hiru ardatz nagusi zehaztu zituzten: lehenik, Nafarroako Gobernuari konpromisoa aspaldian hartua dutela eta «behingoan hitza bete eta lehenbailehen obrak bukatzea»eskatu diote. «Ekimen alderdikoiak» bultzatzen dituzteneiberriz, «errepidea bultzatzeko herri mugimendua ez dela gaur goizekoa eta Iruñean eragin nahi badugu, ahalik eta ekimen zabal eta indartsuenak elkarlanean eta modu bateratuan bideratu behar ditugula» erran zieten.

Ezkerretik eta abertzaletasunetik ingurumenarekin erakutsi duten begirunean oinarritu nahi dute beraien jarduna: «Lurraldea antolatzeko herrien arteko oreka izan behar da gure irizpide nagusia».

Josu Goiak gogoratu zuenez, «orain arte, PNV, HB edo independienteak izan, alkate guziak bildu eta ildo berean joan dira Nafarroako Gobernura eta Gipuzkoako Diputaziora eta gauza batzuk lortu dira. Orain, Beran, nahiz eta koalizioa egin EA eta Aralarrek, bakoitzak bere aterabidea proposatzen du. Hori ez da herriaren alde lan egitea, hori politikakeria da. Denak bildu behar dugu eta ez bakoitzak bere aldetik gauzak egin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun