Gizon eta emakumeen lanbide ezezagun horiek

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 1a, 16:48
Utzitako argazkiak

Bortzirietatik atera ziren neska gehienak Lapurdiko kostara sasoia egitera joan ziren, maiatzetik urrira bitarte batez ere, bertako ostatuetan lan egitera. Horietatik batzuk Pariseraino joan ziren.

Hemen gelditu ziren emakumeak baserri ingurukoak ziren eta garaian emakumeek egin ohi zuten lanak egin zituztela dio Rosa Arburuak: «Baserrian laguntzen, anai edo arreba ttikiren bat bazuten hura zaintzen, etxeko lanak egiten, jostera joaten ziren, horrelako egoeratan zeuden». Kanpora edo bertze aldera joan ziren neskek, aldiz, dirua irabazteaz aparte, hori hagitz garrantzitsua baitzen, izan zuten gauza aunitz ikasteko aukera. «Bertze toki batzuk ezagutu zituzten, bizitzeko bertze modu bat… Frantzia garai horretan aitzinago zegoen, ekonomia indartsua zuen. Neska hauek, gainera, beti zeuden prest gauzak ikasteko. Gaur egun protokoloa deritzon hori ikasi zuten, adibidez, mahaia nola jarri… Bere egoera pertsonalarentzat hagitz inportantea izan zen: baserriko mundu itxi horretatik eta baserritik karrikara, mezara… betiko errutina horretatik atera ziren eta begiak haunditu zitzaizkien, hori dudarik gabe».

Terranovan bakailo arrantzan

Teorian Bortzirietan lehorreko jendea izanik, lanbiderik ezezagunena bakailo arrantzaleena izan daiteke. Halere, uste dena baino garrantzi handiagoa izan zuela goraipatzen du Rosa Arburuak. «Guttiago solasten da honi buruz, baina Bortzirietako 158 mutilek atera zuten kartilla, arrantzara joateko baimena: Berako 70, Lesakako 55, Etxalarko 17, Igantziko 11 eta Arantzako 5. Ameriketara garai horretan, 1940tik 1960ra, 101 lagun joan ziren. Eta aunitzez gehiago aditzen dira amerikanoen istorioak arrantzaleenak baino. Ez dakit zergatik. Akaso Ameriketara joaten zirenak, aunitz bertan gelditzen zirelako eta urte aunitz egiten zituztelako. Arrantzaleak itsasoratzen ziren eta batzuk sasoi aunitz egiten zituzten eta bertze batzuk gutti. Etxalarko batzuk, berriz, kontrabandoa egin zuten eta hori jautsi zenean, mareak egitera joan ziren itsasora. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen aitzinera egiteko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun