Gerra ondoko belaunaldiaren bizi gogorraren testigantza bildu du

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 1a, 16:47
Bi hamarkadetan ehun lagun baino gehiago joan ziren Bortzirietatik Ameriketara, batez ere AEBko Nevada eta Kalifornia estatuetara. Utzitako argazkiak

«1940-1960. Bortzirietako gaztiak» liburua idatzi du Rosa Arburuak

Rosa Arburua irakaskuntza eta ikerketa lanetan aritzen da, Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Bere bizitza Bidasoa inguruarekin erabat loturik dago:
gurasoak etxalartarrak, Irunen jaioa, Hondarribian bizi eta azken hamarkada honetan Berako Institutuan Geografia eta Historia irakasle da.
Historia ezagutza horretaz baliatuz, “1940-1960.
Bortzirietako Gaztiak” liburua argitara emanen du laister. Bertan, belaunaldi horretako bizipenak biltzen dira: lanbideak, istorioak, gertakariak…
Ez da Rosa Arburuak idatzi duen lehen liburua, bai ordea hezkuntzarekin lotura zuzena ez duen bakarra.
Halere, «bere alde pedagogikoa eta praktikoa ere badu». Rosa Arburuak dioenez, «Munduko historia ematea hagitz ongi dago, baina iruditzen zait bertako historia eta hain hurbil dugun historia berreskuratu behar dela».

Liburu honetan murgiltzeko bultzada familiatik datorkio Rosa Arburuari, haurtzaroan etxean aditutako istorioetatik: «Nik ttiki-ttikitatik aditu ditut holako istorioak, batez ere kontrabandisten istorioak gure etxean aunitz aditzen ziren. Neretzako kontrabandisten mundu hura mundu fantasiosoa izan zen ttikitan. Handitzerakoan kontrabandista izan nahi nuela gogoratzen dut. Gero eta handiagoa, orduan eta fantasia ttikiagoa, gauzak bere tokian jartzen joan naiz. Gero nere amari ere auniztan entzuten nion, bertze aldera joaterakoan zer aldaketak ikusi zituzten, zer askatasuna lortu zuten, bertze aldean lan aunitz eginez bertze bizimodu bat izaten zutela. Horrelako istorioekin hazi naiz».

Liburua 1940 eta 1960 urteen artean kokatzen da, Espainiako Gerraren ondotik. Irakaslearen ustez, gerrak eragin nabarmena izan zuen inguru honetan, gizartearen hainbat arlotan. «Orduko gazteek aurre egin behar izan zioten egoera latz bati. Aurrera egin zuten lan aunitz eginez eta halako fiertasun batekin. Belaunaldi hori miresten dut». Gerrak eragin handia izan zuen hemen ere, eta pertsonalki familietan ere eragina izan zuen toki guzietan, baina Espainiako bertze lekuekin konparatuz ez omen zen hain latza izan. «Lesaka eta Beran denbora gutti iraun zuen gerrak, baina gogorra izan zen, fusilatuak izan ziren. Familiak fuerte hunkitu zituen. Lesakako batzuk fusilatu zituzten eta bertze batzuk fusilatzekotan egon ziren. Doi-doi libratu ziren apeza baten medioz. Etxalarko Celedonio Etxeberria pare bat aldiz egon zen fusilatzekotan eta bietan libratu zen. Istorio pertsonal gogorrak izan ziren».

n ziren». Gerraren bertze eragina, ondotik jaiotza-tasa aunitz jautsi zela izan omen zen. «Gerra baino lehenago familietan 10-12 haur izatea ohikoa zen. Gerra ondotikan ezkontza guttiago izan zen, egoera latza zen eta jendea ez zegoen ospakizunetarako».

Baserria, kontrabandoa, mendi lana, emigrazioa…

Bortzirietako gazteen lanbideetaz ere aritzen da luze eta zabal “1940-1960. Bortzirietako gaztiak” liburua. Garai horretan baserria zela ardatza eta mamia azpimarratu du Rosa Arburuak. Gero ikerketa egin du garaiko bertze lanbideetan: «Alde batetik kontrabandoa, bertzetik mendi lanak, batez ere Arantzako aunitz Iratiko oihanera joan ziren; batzuetan harrigarria egiten bazaigu ere, Beratik batez ere aunitz Terranovara joan ziren bakailo arrantzara; neskak Iparraldera sasoia egitera joan ziren, maiatzetik urrira bitarte batez ere, bertako ostatuetan lan egitera. Horietatik batzuk Pariseraino joan ziren; azkenik, Ameriketara emigrazioa izan zen, Nevada eta Kaliforniara batez ere».
1960. hamarkadan, industria indartzen hasi zenean lanbide hauek poliki-poliki desagertzen joan ziren Bortzirietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun