Langile baten kaleratzea salatu du Zalaingo Enpresa Batzordeak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 11:40
Otsailaren 8an, goiz eta arratsaldeko txandetan launa orduko lan uzteak egiteko deialdia egin du Enpresa Batzordeak. Artxibokoa

Otsailaren 8an lau orduko lan uzteak eginen dira bi txandatan

Condesa enpresak Zalainen daukan lantegiko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak urtarrilaren 26an Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan izan zuten adiskidetzeko ekitaldiak ez zuen emaitzarik izan eta langileek mobilizazioekin segituko dute.

Urtarrilaren 12an, enpresak emakume langile bat kanporatu zuen eta hau «enpresaren 30 urteotan aurrekaririk gabeko gertakaria» dela jakinarazi du Enpresa Batzordeak. Honen larritasuna dela eta, «erantzun egokia eman behar da, etorkizunean honelako neurririk errepikatu ez daitezen». Oraingoz, enpresak kaleratzearekin bere horretan segitzen duenez, bide judizialarekin segituko dute langileen ordezkariek. Gainera, otsailaren 8an, goiz eta arratsaldeko txandetan launa orduko lanuztea egiteko deialdia egin dute eta greba legala bezala tramitatuko dute. Mobilizazio hauen alde agertu dira Enpresa Batzordeko 13 kideetatik 9. UGT abstenitu egin zen eta Confederacion de Cuadros-eko ordezkariak ezin izan zuen bozketan parte hartu.

Plan Estrategikoa

2005eko maiatzean sinatu zen Plan Estrategikoan 34 langile soberan zeudela eta kontratuak etetea proposatzen baldin bazen ere, azkenean zerbitzu arloan mugagabeko kontratua zuten 23 langile produkzioan eta guarda postuetan kokatzea adostu zen. Enpresa Batzordearen helburua «despidorik ez izatea» zen, baina orain «Zalaingo zuzendaritza berriak bere aldetik ez du akordioa betetzen eta negoziazio bidea apurtzen du». Bulegoetan ari ziren emakumeak produkzioan kokatzea «kudeaketa zaileko gaia» izan dela badaki Enpresa Batzordeak, «baina lanpostu alternatiboen eskaintza ez da bete eta kaleratzearen bidea aukeratu du enpresak, inolako arrazoirik gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun