Silveira anaiek eta Oskar Goñik irabazi zuten taldekako 8. Bertso lehiaketa

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 11:29
Txapelketan parte hartu duten bertsolari, epaile, gai-jartzaile, musikari eta bertsozaleak Linddurrenbordako finalaren ondotik. Utzitako argazkiak

Hogeita lau bertsolari aritu ziren, zortzi hirukotetan banatuak

Lesakako Xabier eta Jon Silveira anaiek eta Oskar Goñi beratarrak osatutako hirukoteak irabazi zuen Bortzirietako taldekako zortzigarren bertso txapelketa. Linddurrenborda sagardotegian urtarrilaren 14an egin zen finalean, Juan Mari Lopez, Erika Lagoma eta Ioar Tainta lesakarrak izan zituzten parez pare.

Guzira 24 hirukotek hartu dute parte aurtengoan txapelketan. Finalera ailegatutakoekin batera, Jon Barberena, Iñaki Aleman eta Josetxo Etxenike; Bittor Elizagoien, Jon Elizetxe eta Iker Gorosterrazu; Julen Zelaieta, Beñat Taberna eta Garazi Taberna; Estitxu Arotzena, Alazne Untxalo eta Maialen Belarra; Manolo Arotzena, Xabier Terreros eta Imanol Lopez; eta Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Estitxu Fernandez eta Egoitz Telletxea. Hainbat bertsolari izanik, aurtengoan ere bertso maratoia antolatu zuen Bortzirietako bertso eskolak. Urtarrilaren 13an, ortziralean, bi saio egin ziren berako Espidobaita elkartean egindako afal ondoan. Biharamonean, Lesakako Kattun egindako bazkalondoan saio bat egin zen eta Haizego ostatuan bertzea. Finalerdiak Lesakako Zarren eta Atxaspin egin ziren eta Linddurrenbordako afal ondoan finala.

Saio guzietan giro bikaina izan zen, baina aipatzekoa da finalean izandakoa. Aurten, lehen aldiz, bertso hoberena bota duen bertsolariari Kotto Saria eman zitzaion eta Xabier Silveirak eskuratu zuen. Itziar Elorzak eman zion, Espidobaita elkartearen izenean. Imanol Larrañaga, elkarte honetako lehendakariaren eskutitza ere irakurri zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun