Igerileku-bono amankomunak izanen dituzte haur eta gazteek

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 20a, 12:45
Uda sasoian harremanak lantzeko leku aproposak dira igerilekuak. 18 urtetik beheitiko neska-mutikoek Bortzirietako edozein erabil dezakete. Artxibokoa

Joan den otsailean, Bortzirietako Institutuko eta eskoletako Guraso Elkarteek igerileku publikoa daukaten Udalei (Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka) eskaera berezia egin zieten, 18 urtetik beheitikoek udarako egiten dituzten beren herrietako igerilekurako bonoak berdin erabili ahal izateko Bortzirietako edozein igerilekuetara sartzeko. Udal guztien erantzuna baiezkoa izan da (Lesakakoarena aparte, hemengo igerilekua udan itxita egonen baita obretan delako) eta, beraz, uda honetan 18 urtetik beheitikoek Bortzirietako edozein igerilekutara sartzen ahal izanen dira bakoitzaren herriko bonoa erakutsiz. Eskaera honen helburua herri ezberdinetako haur eta gazteek udan ere harremanak mantentzeko toki bat izatea zen, ohikoak diren ikastetxea edo besta girotik aparte, kontutan hartuz gainera sasoi honetan igerilekua horretarako leku aproposa dela. Ekimen hau martxan jartzeak bertze helburu bat ere bazeukan: gizarteari nolabait “barneratzea” haur eta gazteen heziketa heldu guztien lana eta ardura dela. Ideia hau honelako esaldi honetan laburbildu daiteke: «haurra hezitzeko herri guztia behar da», eta konkretuki Bortzirietako Heziketa Proiektu bat sortuz egin zitekeena, non parte hartuko zuten Kultur elkarteek, Kirol taldeek, Ongi izate mankomunitateak, Udalek, Osasun etxeek, Aisialdi taldeek... Igerilekuekin hasiz, Guraso Elkarteek espero dute «hezkuntza, guztion ardura» ideia hau interesgarria eta beharrezkoa ikusiko dela gizartean, eta luze gabe modu planifikatu batean martxan jartzeko aukera izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun