Udaleku irekiak uztailaren 17tik abuztuaren 11ra izanen dira

Nerea ALTZURI 2006ko uzt. 17a, 12:13

Astearte eta ortzegunero hiru orduko saioak izanen dira

Berriz ere udan gaude. Eguraldi ederrak, oporrak, aisialdirako tartea… guziak urtaro horrekin lotzen ditugu, nahiz eta gutako aunitzek egunerokoarekin segitzen dugun. Hala ere, ezin da ukatu eskola umeak gustora hartzen dutela bi hilabete pasatxoko oporraldia. Ikasturtean eskolaz kanpoko ekitaldiak egiten badira ere, udaran bertze ekitaldi batzurekin topo egiten dute. Zenbaitetan ikasturtean lagunartean izaten dituzten hartuemanak urruntzen dira, oporretan bakoitzak bere plangintza egiten baitu. Halere, urteko lagun taldea berriz ere elkartzeko asmoz, badira aukera ezberdinak eta horietako bat udaleku irekiena da. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aurten ere udaleku irekiak antolatu ditu. Euskaraz lagunartean elkarrekin ikasteko eta ongi pasatzeko helburua ardatz da oraingoan ere. Uztailaren 17tik abuztuaren 11ra eginen dira udalekuak. Astearte eta ortzegun arratsaldero, 17:00etatik 20:00etara izanen dira saioak, guzira zortzi. Kirola, eskulanak, ateraldiak… denetarik eginen dituzte aurten ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun