Martxoaren 4an izanen da Biltokiko urteko batzarra

Oskar TXOPERENA 2006ko mai. 11a, 17:29

Baratzondo Elkartean, berriz, otsailaren 25ean zen egitekoa

Tradizioz batzar garaia izaten da oraingoa herriko elkarteentzat. Joan den larunbatean, otsailaren 25ean, zuten egitekoa Baratzondo Elkartekoek. Hurrengo alean emanen dugu bertan gertatutakoaren berri.

Aste bat beranduagorako, martxoaren 4rako, egin du batzarrean biltzeko deialdia Biltoki elkarteko Juntak. Bi deialdi izanen dira: 8:30etarako lehena eta ordu erdi beranduagorako bertzea. Ez da normalean bertze batzarrik egiten eta ondorioz gai garrantzitsuak pilatzen dira bakar honetarako. Urteko ekintzen gainbegiraketa eginen da hasieran eta urteko kontuena ondotik. Joan den urtean airean gelditu zen batzordekideen aukeraketaren gaia ere aipatuko da seguruenik eta batzordearen erdia berritu baino lehen hain mamitsua izaten den “eskaera eta galderen” gaia ere ukituko da. Hamabi lagunez osatua dago Bilotki Elkarteko batzordea. Erdia berritzen da urtero eta hauek dira dagoeneko bi urte lanean eman dutenak: Joseba Migelena lehendakaria eta Xabi Telletxea, Consuelo Migelena, Luisja Txoperena, Miriam Etxarte eta Mari Angeles Telletxea batzordekideak. Lagun hauen ordezkoak aukeratuz emanen zaio akabila bilerari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun