Inauterietako mozorroaldiaren ondotik Mozorroen Eguna ospatuko da

Nerea ALTZURI 2006ko mai. 11a, 17:12
Mozorroek herri kirol ikuskizun bikaina prestatu zuten aurtengoan ere. TTIPI TTAPA

Martxoaren 18an adin guzietako mozorro xuriak eta nahi duten herritarrak bilduko dira

Edonon ere inauteen aroa agurtu dute. Aste honetan bertan herri aunitzetako inauteak heldu den urterarte agurtu dira. Herriko inauteak ere arront ongi pasatu genituen otsailaren 9an hasi eta 11 bitarte. Ortzegun goizean, mozorro xurien gosari eta altxaferu hotsek inauteen hasiera adierazi zuten. Eskolako umeek egindako «puxkak» jauntzi, eskolan soinulariekin dantzatu eta Eguzkialdea eta Bordalarrea auzoak eskean egin zituzten mozorro helduek.

Ortziralean ere egun betea izan zen. Mozorro xuri eta helduek Aientsa eta Azkilarrea auzoak egin zituzten. Gaztetxoek, goizean goiz hasita herrian barna auzoz-auzo eskean ibiltzeko egun osoa hartu zuten. Ortziral arratsean, Burlada jatetxean 50 emakume inguruk afaria egin zuten. Bertze herritar kuadrila batek ere mozorro xurien lagun afaria egin zuten Ekaitza elkartean, Pabloenea jatetxeak janaria prestatuta. Salaberriak guzia girotu zuen goizalderarte.

Larunbatean, talde batek nola bertzeak, oraindik pasatu gabe zeuden etxeak eskean egin zituzten. Arratsaldean haur mozorrotuen desfilea egin zen eta Guraso Elkarteak prestatutako berendua dastatu zuten ondoren.

Ilunabarrean berriz, mezaren ondotik herri kirol saio eta jaialdi polita prestatu zuten mozorroek. Lehenik pilota partidua izan zen: Joxe Agustin eta Jabiertxo mozorro bikotea, Imanol eta Josebaren kontra aritu zen eta azken hauek irabazi zuten, 22 eta 21. Pilota partiduaren ondotik, mozorroek herri kirol proba konbinatu berexia egin zuten. Bi taldeen arteko desafioan Garikoitz eta Oihan Larretxea aizkolariek talde banatan parte hartu zuten. Lasterka, aizkora eta motozerra jaialdiaren pausuak izan zituzten. Ordurako, Patxi eta Donato Larretxea anaiak prest zeuden aizkora aposturako. Bakoitzak bere semea hartu eta erakustaldi polita eman zuten bi aita-semeek. Guzia akaututa, 125 lagunek Aterpen afaldu zuten Jon Maia eta Jexus Mari Irazu bertsolariekin. Goizaldeko 3:30ak arte luzatu zen bertso-saltsa.

Honela agurtu genituen inauteak eta ondoko larunbatean kontuak egiteko afaria egin zuten mozorroek. Orain, martxoaren 18ko mozorroen eguna prestatzen ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun