Larun Haitzpek, Berako Komertzioen Elkarteak, bere logotipoa eta markaren irudia bilatzen du eta horretarako lehiaketa antolatu du. Larun Haitzpek, herriko komertzioez gain, ostalaritza, enpresa eta zerbitzu enpresak barne hartzen ditu. Lehiaketa Beran bizi, lan egin edo ikasten duten guztientzat irekia da. Lehiakide bakoitzak hiru lan aurkez ditzake gehienez eta originalak eta oraindik argitaratu gabeak izan behar dute. Bera herria, ostalaritza, komertzioa, zerbitzuak eta elkartearen helburuarekin identifikatzen diren sinboloak izan ditzake eta markaren irudia aukeratzeko orduan arlo ezberdinak kontutan hartuko dira: ingurunearen kolorea, bestak, aktibitateak eta Berako bertze arloak. Edozein teknikarekin egindako lanak onartzen dira, paperean edo kartulina xurian, A4 tamainan edo formatu digitalean. Lanak martxoaren 20tik 31ra bitartean, postaz edo Udalera zuzenean eramanez entregatu daitezke. Epaimahaia Elkarteko Kudeaketa Batzordeak osatuko du eta emaitza 15 egunetan jakinaraziko da. Irabazleak 300 euroko saria eramanen du.