Izokin eta amoarrain denboraldia martxoaren 19an irekiko da

ttipi-ttapa 2006ko mai. 11a, 15:13
Joan den sasoian baino 25 izokin guttiago arrantzatzen ahal da aurten, TTIPI TTAPA

Berrogeita hamargarren izokina arrantzatzean itxiko da sasoia

Urtero bezala, martxoko hirugarren igandean, martxoaren 19an aurten, irekiko da amoarrain eta izokin arrantzarako sasoia.

Izokin arrantzarako denboraldia hirugarren igandean ireki eta 50. izokina arrantzatzen denean itxiko da. Hau da, gehieneko kopurua 25 izokinetan murriztu da, iaz 75 arrantzatzen ahal baitziren. Ordutik uztailaren 31 arte arrantzatzeko aukera izanen da, baina heriotzarik gabeko modalitatean. Negu bat baino gehiago duten izokinak babesteko helburuarekin, zortzigarren izokina hartzen denean behin behinekoz arrantza debekatuko da ekainaren 15ra arte, eta hortik aitzinera berriz ere izokina arrantzatzeko modua izanen da. Uztailaren hirugarren iganderako ez bada gehieneko kopurura ailegatzen, orduan itxiko da izokinari heriotza eraginez arrantzatzeko sasoia eta hilabete bukaera arte hil gabe arrantzatzen ahal da. Izokinendako eremua Bidasoa errekan Doneztebeko San Tiburtzio presatik Endarlatsa bitartean eta tarte horretan, Bidasoara isurtzen duten errekatan dago.

Amoarrain arrantzari dagokionez, martxoaren 19tik uztailaren 31 arte irekiko da denboraldia. Abuztuaren 31 arte, amoarrainak hil gabe arrantzatzeko modua izanen da. Joan den urtean bezala, koxka duten amuak debekatuak egonen dira. Orain arte, hemengo arrantzaleek barren aldera koxka bat, arponcillo delakoa, duten amuak erabiltzen zituzten, amoarraina hobeki hartzeko balio zuena. Joan den urtetik, ordea, koxkarik gabeko amuak erabili behar dituzte eta horrek zailtasuna handitzen du, amoarrainak ihes egiteko aukera gehiago izaten baitu.

Amuki naturala debekatua dago maiatzaren 27a arte Bidasoa errekan, Donezteben, Ezkurra errekak isurtzen duen tokitik beheiti; Ezkurra errekan, Zubietako zubitik beheiti eta Ezpelura errekan Oizko zubitik beheiti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun