Kotto zenari keinu higuingarria

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 18a, 12:25

Berako Ezker Abertzalea.

Hiru hilabate Soriako kartzelatik kotto maitea hilotz itzularazi zigutela. Hiru hilabete, sakabanaketak eta mendeku politikak eragindako hilketen zerrendan gure herkidearen izena erantsi zuenetik. Bat gehiago beraientzat, Gure Kotto maitea guretzat. Bakarra eta errepika ezina. Hiru hilabete bertzerik ez, herritarren elkartasun oldea bereziki Beran, baina baita Euskal Herriko hainbat txokoetan, kaleak hartu zituenekoa. Hiru hilabete bertzerik ez Berako Udalak Kottoren heriotza salatu, argitzeko eskatu eta gertatutakoaren gainean ardura politikoak zeudela mozio bidez adierazi zuenetik…

Hiru hilabete Berako Udalak eta agintean dauden taldeek (Eusko Alkartasuna eta Aralar) familiari gorpuaren herriratzea, hileta etabarren gastuak ordaintzea agindu zietenik. Geroztik bi aldiz joan gatzaizkio, behin Kottoren lagun eta senitarteko izenean eta bertze behin Berainezen zerrendaburu eta legez kanpo utzitako alkatearen bidez, emandako hitza bete zezaten eskatzeko. Beti geroko utzi dute afera, zorra kitatu baino, denbora irabazi nahiko balute bezala…”Bai familiarekin bildu nahi dugu…” Eta halakoekin joan dira hiru hilabete. Urtarrilaren 23an Elena Santestebanek sinatutako ohar labur baina guztiz argigarri bat: “Udalak ez du diru partidarik 3.394 euro ordaintzeko".

Hiru hilabete aski izan dira Herriko Etxea eta plaza jendez gainezka zegeonean emandako hitza jateko. Zuetako norbait hausartu al da Kotto Herriko etxean zortzi urtez zinegotzi ibili zenean musu truk aritutako orduak kontatzen? Berako Kultur Batzordearen sorrera ( Bai , bai, hain eredugarri jotzen duten Berako Kultur Batzordeaz ari gara), Gure Txokoa, Espidobaita Elkartea, Lurraren Eguna, Zirimolan kultur hilabetea, etabar. Amaiagabeko zerrenda osa dezakegu, Kottok sortu, bulkatu edo lagundutako egitasmoekin beti herriaren alde. Lan horiek guztiak soldatapeko hautetsiek beren buruari ezarritako kopuruen arabera ordaindu izan balira hiletaren gastuak eta zerbait gehiago ordaintzeko adina ailegatuko litzake agian ere… Baina ez, Berako herria eta Euskal Herriaren alde aritu izana bizitzarekin ordaintzen dutenek, eskuzabaltasunaren eredu direnek, Udalaren zuhurkeria dute ordain. Eta susmoa dut Kottori min gehien emanen lioken tokian ukitu dutela, etxekoeie, senitartekoei itsusi eginez. Edo ez al da itsusi egitea urre gorria agindu eta hiru hilabete berandoago paper hotz bat igorri ezezko borobilarekin. Inoxoa litzateke telefono dei bat, edo solasaldi xumea eskatzea, ziur bainaiz oharra sinatu duenak ez duela kopetarik Kottoren amari (barkak aipamena) begietara begiratuz erabakia arrazoitzeko. Edo agian bai…jada deusek ez baigaitu harritzen. Hiru hilabete ibili zarete denbora kudeatzen, familiari hitzez agindutako diru laguntza azkenean ukatzeko. Ia ildakoaren gorpua bezain abudo hozten dira abertzale zenbaiten bihotzak. Eta benetan pentsatu duzue herriak hiru hilabetetan ahantziko zuela? Hitz bakarra Berako Udal sasidemokratikoaren jarrera sortu digun sentimentua adierazteako: higuina. Bukatzeko Kotto hiretzako bi solas: hagoen tokian hagoela, hago lasai, hire hurbilekoak laguntzea ohorea izanen baituk guretzat. Hi zinegotzi izan hintuen Udalatxeari buruz zer nahi duk erratea: gehientsuenak eroso zeudek Ezker abertzalea baztertuta, agerikoa duk hori. Zenbaitetan kontrakoa erran arren, erraz galtzen baidituk erratetik egiterako bidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun