«Bertakoa eta garaikoa jateko ohiturara bueltatu nahi dugu berriro»

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 11a, 14:51
Aitor AROTZENA

J. BERASATEGI-J. ARROSPIDE Bortziriak osasuntsu baten alde

Zein da sortu nahi duzuen kooperatiba honen helburua? Gaur egun supermerkatuetan eta denda aunitzetan aurkitzen ditugun produktuak nahiko manufakturatuak eta kutsatuak daude, eta gainera garesti ateratzen dira. Bertze elikagai naturalago batzuk ez erosteko jendeak jartzen duen aitzakia garestiagoak direla da. Orduan zera nahi dugu: ahalik eta pausu guttien eman produktua sortzen duenaren eta eroslearen artean. Horretarako zuzenean produktoreengana joan, ahal bada eskutik eskura hartu eta etxean produktu horiek edukitzeko aukera izatea nahi dugu, modu egokienean. Askoz gutxiago kutsatzen dugu, produktuek ez dute hainbeste buelta ematen kamioietan eta gainera prezioa ez da garestitzen, bitartekorik ez dagoelako, dendaren zergarik ez duelako… Ekoizlea gero eta hurbilago egon, orduan eta konfidantza gehiago duzu zer ari zaren jaten, badakizu produktua zer den. Gaur egun, firmaren gibeletik ibiltzera ohituratuak gaude, baina ez duzu ezagutzen nor den ekoizlea…

«Jateko ez dugu gauza asko eta exotikorik behar. Gauza xinple eta oinarrizko horietan garrantzia jarri behar dugu eta kalitatezko produktuak eskaini nahi ditugu kooperatiban»

Beraz, ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean hurbiltasuna landu nahi duzue… Lehenbiziko bilerara hurbildu zen jendeak helburu ezberdinak zituen. Batzuk kontsumitzaile interesa agertu zuten, bertze batzuk beraien baratzean metodo ekologikoekin ari dira edo lanean hasteko intentzioa dute, bertze batzuk osasun arloko informazioa lortu nahi zuten…

Elikaduran nolabait hezitzeko asmoa ere baduzue… Betiko janarian, betiko elikagaietan, bertakoa eta garaikoa jateko tradizioa izan da hemen eta horretara zuzendu nahi dugu berriro. Neguan babarrunak jatea nahiago dugu eta udan entsalada bat, hori logikoa da. Denda batera joan eta edozein garaitan baduzu edozer gauza, Murtziatik, Txinatik, Perutik edo nonahitik ekarria. Ez dakigu nola sortu diren, zenbat ongarri duten, pestizidak, kontserbanteak, gure eskuetara ailegatzeko zenbat manipulazio izan duen, langileak zein egoeratan aritu diren… Lehenengo jakin behar dugu zer ari garen jaten, horrekin osatzen baita gure gorputza eta hori ahaztu dugu.

Ongi eta osasuntsu jatearen ohitura hori galtzen ari da gurean ere? Gaur egungo bizitzak abiadura handia du. Denbora gutxi eskaintzen diogu sukaldeari eta janarian gutxi inbertitzen da. Nahiago dugu urrutira joan oporretara, kotxe ederrak izan, arropa dotorea… Duela gutxi arte janarian inbertitzen zen diru gehiena.

Elikadura ez ezik, bizimodu osasuntsua bere osotasunean ere azpimarratu nahi duzue… Zein etxeetan bizi garen, pintura, plastikoak, esmalteak, elektrizitatea… mila gauza dira etxe batean kalte egiten ahal dutenak; kimikarik gabeko baratzegintza erakutsi nahi dugu; osasun arloan, erditze naturala etxean izan nahi duenarentzat laguntza…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun