Jardunaldi Gastronomikoak eginen dira Etxalarko Bentan eta Berako Lenkonean

ttipi-ttapa 2006ko api. 27a, 14:15

«Sukaldeen Fusioa» izenburupean, martxoaren 23an eta 30ean antolatu dira

«Sukaldeen Fusioa» izenburupean, lehendabiziko jardunaldi gastronomikoak antolatu dituzte Etxalarko Bentan martxoaren 23an eta Berako Churrut hoteleko Lenkonea jatetxean martxoaren 30ean. Bi egun hauetan, 20:00etan platerren aurkezpena eginen da eta 21:00etan degustazio afaria.

Jardunaldi hauetan parte hartzeko Etxalarko Bentara edo Churrut hotelera deitu behar da martxoaren 20a baino lehen, 948 635000 edo 948 625540 telefonoetara. 60 euro ordaindu beharko dira (BEZa barne) eta prezio horretan aurkezpenak eta bi afariak sartuak daude.

Menuei dagokienez, Etxalarko Bentan honako hau izanen da martxoaren 23an: milorri platera, eneldo edo ezamihiluan prestatutako bakailu xaflarekin eta sagardo binagretarekin; foie beroaren krema; onddoak parrilan donostiar erara prestatutako txangurroaz betea; bixigua parrillan bere errefritoarekin; txekor xolomo laukia parrillan eta parrillan egindako fruta-brotxeta.

Lenkonea jatetxean, astebete beranduago, menu hau izanen da: galeper-bularkiaren entsalada eskabetxe epelean, orein-eskalopinak eta baso-perretxikoak barazkitxo salteatuarekin; usoa plantxan bere saltsarekin; basurde-tartaleta gelatina-saltseatuaren gainean eta bioleta-krema mango izozkiarekin, fruitu gorrien ohatze gainean.

Bi afarietan, Iñurrieta Bodegak eta Cafes Azkoyen-ek eskainitako edari eta kafeak sartuak daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun