55 bazkide inguru bildu ziren martxoaren 4ko Biltoki Elkarteko batzarrean. Bi ordu terdi iraun zuen bilkuran gai mamitsuak eztabaidatu zituzten: urteko ekintzak eta diru-kontuak aipatu zituen hasieran Joseba Migelena lehendakariak. Elkartearen urteko ohiko gastuak ikusita, bazkideen kuota egokitu beharra azpimarratu zuen ondotik eta ia ahobatez onartu zen igoera. 2005ean bazkideen artean egindako galdeketaren emaitzak ere aipatu zituzten segidan eta eztabaida interesgarria izan zen egindako eskaeren inguruan. Azkenik, batzordearen erdia berritzeko bozketak egin ziren eta bazkide hauek izan ziren aukeratuak: Maria Jose Eugi izan da hurrengo bi urteetako lehendakaria eta Kontxi Bizente, Patxi Irazoki, Joxe Mari Goia, Joseba Urbistondo eta Iñigo Telletxea –bere burua eskainita– izanen dira batzordekideak.