Pilotaleku egokia egiteko aukera ezberdinak aztertzen ari da Udala

Aitor AROTZENA 2006ko api. 27a, 13:24

Beheko Plaza 7ko lanak Zioz eraikuntza enpresak eginen ditu

Udal pilotalekua moldatzeko eta gaur eguneko beharrei egokitzeko zer egiten ahal den aztertzen ari da Herriko Etxea. Gaur egun 300 lagunendako eserlekuak ditu eta telebista-irudiak hartzeko ez du erosotasunik eskaintzen. Udalak lehenbiziko azterketa bat agindu zuen, 500 eserlekuko frontoia egiteko behar liratekeen obren aurrekontua jakiteko. Pedro Burguera arkitektuek egindako txostenaren arabera, lanen hasierako aurrekontua 131.790,36 eurokoa litzateke. Juan Fermin Mitxelena alkateak adierazi duenez, «horrelako gastua egin eta frontoi ttiki batekin segituko genuke». Beraz, aukera hau baztertu egin du Udalak eta bertze batzuk aztertzen ari da. Honela, gaur eguneko frontoiari «norabidea aldatzea» da udal arkitektuek eskuartean duten egitasmoa. Hau da, aspaldian hutsik dauden Arruperen etxeak (Irrimenea) bota eta fabrika aldera begira jarriko litzateke frontisa. Honela, gaur egun aparkalekua dagoen aldera luzatuko litzateke frontoia. Alkateak aipatu digunez, «hor lur azpiko aparkalekuak egitea aztertzen ari gara. Dena den, jakin beharko genuke Arruperen etxeak botatzeko arazorik ote dagoen. Frontisa fabrika aldera paratuz, gainera, hesi moduko bat eginen luke frontoiak».

Bertze aukera bat frontoi berria Landazelaia inguruan egitea litzateke. «Horretarako lekua badugu –dio Juan Fermin Mitxelenak– baina herri erditik urrun xamar geldituko litzateke. Bertze aukerak huts eginen baligu ikusiko genuke…».

Beheko Plaza 7

eta beretzat izanen da bertan dauden eraikinak bota eta prezio libreko 13 etxebizitza, garajeak eta lokalak eraikitzeko lana. Zioz enpresak 862.031,92 euro ordainduko ditio Udalari eta eraikin horren beheko solairuan geldituko den 247,76 metro koadroko lokala udalaren esku geldituko da. Udalak ateratako lehiaketara bi enpresa aurkeztu ziren. Provasna, bertze enpresaren eskaintza teknikoa eta eskaintza ekonomikoa hobeki baloratu baldin baziren ere, eraikinaren publikoarentzako gehienezko salmenta prezioa dexente garestiago zuen eta arlo horretan lortutako puntuazioari esker, Ziozek eskuratuko du orubea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun