Liburutegiko ziber gela ofizialki inauguratu zen martxoaren 7an

Amaia eta Ainhoa 2006ko api. 27a, 13:10

Pertsona bakoitzak egunean ordu erdiz erabil dezake ordenagailua

Udalak Udal liburutegiaren egoitzan Ziber Gela jarri du. Lehendik lanean ari baldin bazen ere, inaugurazio ofiziala martxoaren 7an izan zen, eguerdiko 12:00etan eta bertan Helena Santesteban (Berako alkatea), Jon Abril (Gaztedia Batzordeko zinegotzia) , Javier Trigo (Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gaztedia Institutuko Zuzendaria), Ana Pineda (Nafarroako Gobernuko Gaztedia Zuzendariordea) eta Javier Esparza (Cederna-Garalurreko lehendakaria) izan ziren, bertze zenbait zinegotzi eta Cederna-Garalur elkarteko Arantxa Arregi eta BegoƱa Iparragirrerekin batera. Orain bortz ordenagailu daude liburutegian eta Interneten erabilera doakoa izanen da erabiltzaileentzako. Zazpi mila euroko inbertsioa suposatu du honek baina hau Nafarroako Kirol eta Gaztedia Saileko Insitutuari esker posible izan da, 6.000 euroko laguntza eman baitu.

Internet zerbitzua eskaintzen duten ordenagailuak informazioa, ezagutza eta ikasketekin lotutako gaiak bilatzeko bakarrik erabili daitezke, joku edo foroetan ibiltzea ez da posible izanen. Hauek erabili ahal izateko liburutegiko bazkide txartela beharko da, nahiz eta momentu zehatz bateko kontsulta egiteko Nortasun Agiria aurkeztea nahikoa izanen den. Ordenagailuaren bat erabiltzeko, aldez aurretik erreserba telefonoz egitea komeni da, itxaron-zerrenda baitago. Egunean gehienez 30 minutu erabili ditzake pertsona bakoitzak eta astean gehienez bi ordu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun