Berako II. Mendi Maratoi Erdia apirilaren 23an eginen da

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 18a, 13:01
Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Patxi Irazokik eman zuten Berako II. Mendi Maratoi Erdiari eta Manttale talde berriari buruzko azalpenak. ttipi-ttapa

Sortu berri den Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta

Berako II.Mendi Maratoi Erdia apirilaren 23an eginen da eta 400 partehartzaile espero dira. Horrelaxe jakinarazi dute Manttale Mendi Lasterketa talde berriko antolatzaileek. Joan den urteko ibilbide berdina izanen dute, 21 kilometro osatzeko: Bera, Manttale, Ibardin, Landagaineta, Larun eta Landagainetatik pasatu ondotik, Beran helmuga. Ibilbide bera baldin bada ere, zerbait arlotan antolaketa lanak handitu direla jakinari zuen Loro Pikabea antolatzaileak:«Aurten, Euskal Herriko Mendi Lasterketako Kopan lehenbiziko proba izanen da Berakoa eta horrek karrera handitu egin du. Iaz 250 partehartzaile izan ziren eta aurten 400 espero ditugu. Horrek, medikuntza edo laguntza aldetik handitu du aurrekontua. Aurten bi anbulantzia bere medikuekin, mendi saileko erreskate taldea, ibilbideko sei lekuetan medikuak eta erizainak izanen dira, bertze bi mediku joanen dira lasterketan eta bi fisioterapeuta izanen dira».

Lasterketa ikusi ahal izateko, mendi martxa bat ere antolatu dute. Kiroldegitik abiatuko dira goizeko 8ak aldera, 15. kilometroan lasterketa pasatzen ikusi eta berriz ere herrira jautsiko lirateke, helmugaratzea ikustera. Dagoeneko 250 lagun izena emanak direla ere azpimarratu zuen Loro Pikabeak eta gehieneko kopurua abudo betetzea espero dute. Izen emateko Internet bidez egin behar da, www.zalain.com/kross helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun