Hondarribiko Jose Luis Lopezek atera du «Lehendabizikoa»

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 14:37
Jose Luis Lopez gustora ageri zen, kasik 5 kiloko pisua eman zuen «Lehendabizikoarekin». ttipi-ttapa

Martxoaren 19an, sasoia ireki zen egun berean arrantzatu zuen 50 putzuan

Izokin arrantza sasoia ideki eta berehala atera dute aurtengo Lehendabizikoa Bidasoan. Martxoaren 19an, 11:30ak aldera Jose Luis Lopez Markinez, 67 urteko hondarribiarrak, 50 delako putzuan 4,950kg eta 70 cm zituen izokina uretik atera zuen. Goizean goizik abiatu zen eta 7:30etarako dagoeneko Bidasoa bazterretan zebilen, Endarlatsako zubia eta presaren artean. Sasoiko lehen eguna izanik ez zen lehendabizikoa izan erreka bazterrera hurbiltzen. Baina eguerdi aldera suertea izan zuen eta izokin bat koilariara jokatu zitzaion. 7 minutuz gaztakan aritu ondoren uretik ateratzea lortu zuen. Jose Luisek Bidasoako bazterrak ongi ezagutzen ditu, duela 30 urte hasi zen arrantzan eta 2000. urtean ere bera izan zen lehendabiziko izokina atera zuena.

urten, egun berean lehendabizikoa ateratzearen garaikurra eskuratu zuen Juan Otamendi Lasaga Berako Ehizi eta Arrantza elkarteko presidente ordearen eskutik. Honek, Nafarroako Gobernuak aurten ezarri duen araudia kritikatu zuen. Izan ere, zortzigarren izokina ateratzen denean, behin behinekoz denboraldia itxi eginen da, ekaineko hirugarren igandera arte. «Neurri hau ez da egokia» zioen Otamendik. Hartza iruñeako ostatuak izokina erosi du 1600 eurorentzat. Lehendabizikoa ateratzeko nahiko goiz da. Hori dela eta arrantzale guziek espero dute aurtengo sasoia joan den urtekoa baino hobea izanen dela, iaz 37 izokin bertzerik ez baitziren arrantzatu, azken urteetako kopururik kaxkarrena. 2004an 48 izokin atera ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun