Udaberriaz gozatzeko ekitaldi proposamen zabala egin du Udalak

Aitor AROTZENA 2006ko api. 25a, 13:43
TTIPI TTAPA

Apirilaren 9an Tantirudantza Eguna ospatuko da

Herrian udaberriaz gozatzeko hainbat ekitaldi proposatu ditu Udalak apirilerako. Honela, gure bide berdea proposatzen dute, Endarlatsa eta Lesaka tartean, bizikletaz eta oinez ibiltzeko. Ingurune naturalari dagokionez, zailtasun-maila desberdinetako ibilbide laburrak eta herri bideak ere proposatzen dira. Bertze aldetik, apirilean eginen dira Agiña-Lesaka-Oteiza bisita gidatuak, apirilaren 8an eta 30ean Donostiatik, 9an Lesakatik eta 29an Iruñetik. Kultur eta kirol arloan ere izanen da zer aditu eta zer ikusi datozen egunotan: larunbatean, apirilaren 1ean, Joseba Irazokik kontzertua eskainiko du Kasinoan 22:30etan. Egun berean, Xabier Altzugarai pilotari almandoztarrak profesionaletan debuta eginen du udal pilotalekuan, 17:00etan. Zezeagarekin batera, Berraondo eta Jexux Mari Almandoz herritarraren kontra arituko da. Apirilaren 9an, Tantirudantza antolatu du Tantirumairu dantza taldeak. Herrikoekin batera, Faltzesko Makaia, Lasarteko Erketz eta Errenteriako dantza taldeak arituko dira goizez. Arratsaldean, Kiki, Koko eta Moko pailazoak izanen dira plazan. Apirilaren 10etik 23ra, Erdi Aroko emakume-kapeluak erakusketa zabalduko da Beti Gazten. Apirilaren 23an izanen da Erdi Aroko Azoka eta eguna girotzeko zenbait ekitaldi ere eginen dira aste hondar horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun