Sute batek 15 Hektarea kixkali ditu Narbarten eta bertze bat oraindik piztua dago Iruritako errekan

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 29a, 08:49

Martxoaren 28an, asteartea arratseko 9ak aldera, ia batera piztutako bi sute itzaltzen lanean aritu dira suhiltzaileak Narbarten eta Iruritako errekan. Narbartekoa goizaldeko 5etan itzali dute eta 15 Hektarea erre ditu, horietatik 5 pinudia. Oronozko eta Iruñeko Trinitarios eta Cordovillako parke nagusiko suhiltzaileak aritu dira lanean. Goizean sutea gertatu den ingurua ikuskatuko dute, berriz berpiztu ez dadin.

Iruritako errekako sutea, aldiz, oraindik ez dute itzaltzerik izan, ailegatzeko leku zaila eta malkartsua baita. Gauez, gainera, ez zen ikusterik. Orain, inguruko pistak aztertzen ari dira, sutearen ingurura hurbiltzeko modua jakiteko. Oronozko suhiltzaileekin batera, Iruñekoak eta Nafarroako Gobernuko helikopteroa aritzekoak dira.

Halere, ez omen da sute handia. Ehun bat metroko frontea dauka eta motel dabil, beraz, ez dute itzaltzeko zailtasunik aurreikusten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun