Nafarroako 5 naturagunek Europako proiektu batean parte hartzen dute Pirinioetako eremu babestuen sare bat sortzeko

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 28a, 08:54
Green proiektuaren jarraipen-batzorde teknikoko partaideak, azaroan Bertizen egin zuten bilkuran..

Bertiz, Urbasa-Andia, Larra, Lizardoia eta Aztaparreta dira, eta 2 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua duen Green proiektuaren barnean daude

Bertizko Jaurerria Natur Parkeak, Lizardoiako Erreserba Integralak, Aztaparretako Erreserba Integralak, Larrako Natura Erreserbak eta Urbasa-Andiako Parke Naturalak parte hartzen dute "Green" Europako proiektuan, Pirinioetako babestutako naturaguneen sare bat sortze aldera.

 

2 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin –haren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatuta Interreg V POCTEFA programaren bidez–, Green proiektuaren barnean (Pirinioetako naturaguneen kudeaketa eta sarean jartzea), Espainia, Frantzia eta Andorrako babes-eremuen kudeatzaileen artean ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzeko ekintzak sartzen dira.

Nafarroako Gobernuak proiektu honetan Gestión Ambiental de Navarra (GAN) enpresa publikoaren bidez parte hartzen du. Hala, hurrengo hiru urteetan eremuen kudeaketako efizientzia hobetu nahi da ingurumeneko balio batzuekin eta antzeko arazo batekin.

Pirinioetako natura ondare aberatsak, biodibertsitatearen benetako erreserba, babesguneak areagotzea ekarri du babesteko eta balioan jartzeko, esaterako: parke nazionalak, parke naturalak, baso-erreserbak, biotopoak… Beraien helburuak neurri handi batean komunak izan arren, orain arte ez da lotura egonkorrik izan mendikateko babestutako naturaguneen artean. Kontserbazio-ekimenak ez doaz eskualde-mailatik harago, baina arduradunek «kontserbazioko ekimen osagarriak sustatzeko beharra» identifikatu dute, «eta bertan, gune horietako bakoitzak lagundu egingo du Pirinioetako mugaz gaindiko ekosistemak hobetzen eta babesten».

 

Sareko kudeaketa

Green proiektuaren helburua Pirinioetako ingurumeneko arduradunei elkarrizketa, truke eta erabakiak hartzeko plataforma bat eskaintzea da; hala, «sareko kudeaketa» batez hitz egin ahalko da. Plataforma horri esker, zenbait alderdi hobetu ahalko dira, antzeko kontserbazio-arazoak aztertzeko partekatutako diagnostikoak egitea, esaterako; geo-dibertsitatearen ezagutzan hutsuneak identifikatuko dira, eta bereziki arrakastatsuak diren tokiko ekimenak sustatuko eta kopiatuko, bertzeak bertze.

Gainera, Green proiektuaren esparruan kontserbazioko ekintza zehatz batzuk egingo dira Pirinioetan lehentasun moduan identifikatutako hiru ekosistema-mota handiei buruz: basoak (Nafarroak parte hartzen du), nekazaritza-abeltzaintzako ingurune irekiak eta hezeguneak. Gune ezberdinek beraien esperientziak azalduko dituzte alor horien kontserbazioan, Pirinioetako ekosistemak berrezartzeko jardunbide hobeak identifikatze aldera, gune bakoitzean erdietsitako emaitza proiektuan parte hartzen duten babestutako naturagune guztietara eramateko asmoz.

Nafarroak proposatutako ekintzen artean, honako hauek daude: Larrako Erreserba Naturaleko mendi-pinuaren pinudia kontserbatzeko egoeraren jarraipen- nahiz kontrol-azterketak egitea; Lizardoiako Erreserba Integraleko izeidien eta pagadi/izeidien dinamikari buruzko azterketa bat egitea, eta Aztaparretako Erreserba Integraleko pagadi/izeidiko loreen egitura eta aniztasunaren azterketa bat egitea, basoko ustiapena egin den pagadi/izeidi produktiboko guneekin alderatuz.

Proiektuaren barnean Nafarroan aurreikusitako inbertsioa 199.803 euro da, eta kopuru horretatik, Europar Batasunak, POCTEFA bere laguntza-lerroaren bidez, % 65 finantzatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun