Arte eta paisaiari buruzko haurrendako tailerra antolatu dute Bertizen uztailaren 26tik 29ra

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 1a, 08:04
Bertizen ezarriak dauden eskulturak izanen dituzte oinarri neska-mutikoek.

Aparkalekuko zabaldegian jarrita dauden zazpi eskulturak oinarri hartuko dituzte

Nafarroako Museoak 60 urte bete ditu eta Museoa karrikara ateratzen da goiburupean ospatuko du. Ekainaren 24tik urriaren 2ra Arte eta paisaia. Nafarroako Museoa Bertizen erakusketa zabaldu du. Bertizko Parkeko aparkalekuko zabaldegian ikus daitezkeen zazpi eskulturen maketak ikusgai daude Museoan bertan eta uztailaren 19tik 22ra haurrendako udako tailerra ere antolatu du. Baina uda honetako jardueraren protagonista Bertizko artelanak direnez, Bertizera ere ailegatuko da haurrendako Arte eta Paisaia tailerra. Uztailaren 26, 27, 28 eta 29an eskainiko da eskulturak dauden natur parkeko zabaldegian.

 

La Chincheta Bruna taldea osatzen duten Sonia Ilzarbek eta Eneko Perezek eskainiko dute tailer elebiduna, euskaraz eta gazteleraz, lau egun horietan, 10:30etik 12:00etara. 5 urtetik goitiko neska-mutikoei zuzendua dago eta partehartzaile bakoitzak 10 euro ordainduko du. Gehienez 25 haur onartuko dira. Hezitzaileek 20 minutu inguruko azalpena emanen dute eskulturaren baten inguruan eta gero, horrekin lotutako jarduera plastikoa eginen dute.

Bertizko Natur Parkeko aparkalekuaren zabaldegian dauden zazpi eskulturak gaur egungo artearen erakusgarri polita da. Zehazki, Arraigados (Manuel Clemente Ochoa, 1937), Lamia del Bidasoa (Xabier Santxotena, 1946), Cabeza (Faustino Aizkorbe, 1948), Encrucijada (Jesús Alberto Eslava, 1930), La sombra del sueño (Leopoldo Ferrán, 1963), Evolución vertical (Javier Muro Sanz de Galdeano, 1968) eta Cabeza (Juan Diego Miguel, 1955) eskulturak dira jarriak daudenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun