76.000 pertsona inguruk bisitatu zuten 2014an Bertizko Parke Naturala

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 2a, 06:50
Isabel Elizalde kontseilaria buru izan zuen Bertizko patronatuaren bilerak.

Isabel Elizalde kontseilaria Bertiz eta Urbasa-Andiako parke naturaletako patronatuen bileren buru izan da azken egunotan

75.875 pertsonak bisitatu zuten 2014an Bertizko Parke Naturala, parkeko patronatuko urteroko bileran jakin denez. Patronatu horren buru Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalde izan da.

 

Bertizko bisitarien jatorriari dagokionez, % 35 Nafarroakoak ziren. Gainerako autonomia erkidegoen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko bisitariak nabarmendu behar dira (% 19). Atzerritarrei dagokienez, gehienak Frantziatik etorri ziren.

Bertzeak bertze, bileran, azpiegitura, erabilera publiko eta kontserbazioan 2014an egindako jarduerak eta ekintzen berri jakin da, eta 2016rako aurreikusitakoak eztabaidatu. Haien artean, parkeko produktuen linea baten garapena nabarmendu behar da, bai eta erabilera publikorako Añeriko lorategia akituko dela ere.

Bertizko Parke Naturalak kalitatezko Q marka du. 2014an egindako auditoriak 9,7 puntu eman zizkion (10 puntu eman zitezkeen gehienez). Gainera, gogora ekarri behar da, berriki Tripadvisor-en Bikaintasun Ziurtagiria lortu duela. Turismoa eta bidaiak sustatzeko arloan, mundu-mailako webgune garrantzitsutzat jotzen da hura.

Bertizko Parke Naturalaren helburuak honako hauek dira: paisaia natural, flora eta ekosistema guztiaren osotasuna babestea, naturari lotutako ekosistemen interpretaziozko hezkuntza-jarduerak sustatzea, eta kultur, aisialdi eta turismoko intereseko jarduerak sustatzea, bertzeak bertze.

2015eko lehen hiruhilekoan, 33.000 bisitari jaso ditu parkeak, beraz, joan den urteko markak hausteko bidean da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun