erran.eus

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa sortu dute

  Gizartea  Bertizarana

Bertiz Partzuergo Turistikoa osatzen zuten elkarte pribatuek osatuta martxoaren 26an egin zuen lehenengo zuzendaritza batzordea

Bertizko Partzuergo Turistikoa osatzen zuten elkarte pribatuek martxoak 12an egindako Asanbladan bere bazkideei turismoa elkar lanean garatzen segitzeko proiektua aurkeztu zieten: “Baztan-Bidasoa Turismoa” izeneko elkargoa, estatutuak eta 2015 urtean zehar garatzeko hainbat proiektu eta proposamen. Martxoaren 31n egin zuten aurkezpen publikoa Bertizen.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa sortu dute
Mirentxu Goienetxe (Hiruak Bat Landa Etxeak), Belen Urrutia (Hotelak), Mikel Albisu (lehendakaria), Iriber Arangoa (Zerbitzuak) eta Ruben Garate (Jatetxea), Elkargoaren aurkezpenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertizko Partzuergo Turistikoa osatzen zuten elkarte pribatuek martxoak 12an egindako Asanbladan bere bazkideei turismoa elkar lanean garatzen segitzeko proiektua aurkeztu zieten: “Baztan-Bidasoa Turismoa” izeneko elkargoa, estatutuak eta 2015 urtean zehar garatzeko hainbat proiektu eta proposamen. Martxoaren 31n egin zuten aurkezpen publikoa Bertizen.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa Bertizko Landa Turismo Zentroan du bere egoitza (orain arte Partzuergoarena zena), Nafarroako Gobernuarekin zesioa hitzartu eta gero. Elkargo berria bortz elkarte hauek osatzen dute: Hiruak Bat Landa Etxeak, Apartamentuak, Hotelak, Jatetxeak eta Zerbitzuak (Jarduerak, Aterpetxeak eta Kanpinak). Elkargoak Bertiz Partzuergo Turistikoaren ikurra mantenduko du, «promoziorako egokia eta 22 urtetan Bertiz Partzuergotik egindako lan bikaina irudikatzen duelako. Gauza bera egin dugu telefono zerbitzuarekin, gure bazkideei eta klienteei zerbitzua eta atentzioa errazteko». Halaxe, Bertiz Partzuergoaren web gunea mantenduko dute, baina informazioa  www.baztan-bidasoa.com dominioarekin kudeatuko da. 

Martxoak 12ko asanblandan Zuzendaritza Batzordea hautatu zen ere, zazpi kidek osatuta: lehendakaria (Mikel Albisu), lehendakariordea (Marijose Iparragirre) eta elkarte bakoitzetik kide bat, boto ponderatua dutelarik. Zuzendaritza Batzordeak martxoaren 26an egin zuen bere lehenengo batzarra, estatutuei azkeneko ikutuak emateko eta Asanblandan onartutako aurrekontuen proposamena aurrera ateratzeko, «Turismo Departamentuko dirulaguntzen deialdia bertan dugu eta». Aurten honako proiektuei eman zaie lehentasuna:

  • www.baztan-bidasoa.com webgunea hobetzea eta egokitzea.
  • Erreserba Zentrala eta Informazio Zerbitzua garatzea.
  • Turismo Ferietan eta Ekitaldietan parte hartzea.
  • Baztan-Bidasoan bisita gidatuak antolatzea.
  • Bidasoako Bide Berdearen dinamizazioa.
  • Ehizari buruzko Jardunaldi Gastronomikoak.
  • Bestelako proiektu pribatuak laguntzea eta promozionatzea.

Proiektu guzti hauek garatzeko teknikari bat kontratuko da, maiatzetik aurrera eta Bertizko bulegoan arituko dena, hasieran egun erdiko kontratuan. «Elkargoaren ateak zabalik daude, ez bakarrik pribatuei, udalei eta bertze entitateei ere, Baztan-Bidasoan turismoa elkar lanean garatzeko. Epe laburrean hainbat entitaterekin bilerak eginen ditugu, gure asmoen berri emateko».

Prozesu honetan Hiruak –Bat Landa Etxeen Elkarteak paper garrantzitsua izaten ari da, «egitasmoa martxan jartzeko lehenengo kontaktuak eta oinarri legala Hiruak-Baten izenean egin baita, berari esker lortu baitugu orain dela 3 hilabete galdua zegoen proiektua neurri handi batean errekuperatzea eta ilusioa berpiztea».

Aste Sainduko festak gainean dira eta eskualdeko turismo sektorea lanpetua dabil, baina oso konszientea promozioan segitu behar dela:  «Baztan-Bidasoa destino turistiko ezaguna da, baina bere promozioan eta hobekuntzan segitu behar dugu, gure bazkideei lehentasuna emanez, inork ez digu ezer oparituko. Horregatik Madrid-Fitur, Iruñea-Navartur eta Donostia-Sevatur ferietan izan gara, Nafarroako Gobernuak antolatutako instalazioetan; eta Bilbora eta bertze lekuetara ere joanen gara, klientea erakartzeko atentzio zuzena oso garrantzitsua delako».

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak bereziki eskartu nahi die Turismo Departamentuari eta teknikariei, eta Anapeh elkarteari eratze prozesu honetan eskeini dioten laguntza eta eskuzabaltasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa