Azken aldian kontzejuak osatzeko zailtasunak dituzte Legasan, Narbarten eta Oieregin

Gurutze PIKABEA 2011ko aza. 9a, 11:41
Bertizarana bailararen paisaia. Artxiboko argazkia

Hauteskunde hauetan egin diren bi deialdietara ez da inor aurkeztu hiru kontzejuetan

Lehendakariak edo alkateak eta lau bokalek osatzen dituzte Legasa, Nar­­bar­te eta Oieregiko kontzejuetako juntak. Lau urtetik behin deitzen dira ordezkariak aukera­tzeko hauteskundeak baina azken urteetako deialdiek ez dute arrakastarik. Ez da zerrendarik aurkezten eta badirudi inork ez duela kargua hartu nahi. Azaroaren 20ko hauteskundeetan ere ez dute kontzejuko ordezkaririk aukeratuko hiru herrietan.

 

Egitura berezia du Bertizaranak. Udalerri baka­rra da, baina bere baitan hiru herri biltzen dituena: Legasa, Narbarte eta Oieregi. Antolakuntza administratiboari dagokionean ere ez da eskualdeko bertze udalerriak be­zala­koa, eta berezko hain­bat ezau­garri ditu. Udal baka­rra dute hiru he­rriak, Bertizaranako Udala, baina horrez gain, herri­ bakoi­tzak bere kon­tzejua du. Udale­rriaren barne dauden bertze tokiko erakundeak dira kontzejuak, ondasun eta eskumen jakinak kudeatu eta adminis­tra­tzeko izaera juridiko propioarekin­.

Legeak hainbat eskumen aitortzen dizkie kon­tzejuei: ondarea adminis­tratu eta zain­du, eta bere­ erabilera eta aprobetxa­mendua erre­gulatu eta antolatu –honen barne mendiak–; argiteria publikoa; bideak zaindu eta garbitu; hilerriak eta he­rriko bes­tak. Horrez gain­, Bertizaranako Udalak kon­tze­juen esku utzi­tako bertze ardura bat ere badute Legasa, Narbarte­ eta Oieregiko kontzejuak: ura. Udalarekin egindako akordio bat tarteko­, urari dagokiona kon­tze­juek­ eramaten dute, eta trukean, Udalak dirua ematen die. Kontzejuen diru-iturri aipagarrienak, berriz, Nafarroako Gober­nuak biz­tan­leko ematen diena eta mendi eta ehiza­tik ateratzen dutena dira­.

Nafarroan dauden 348 kontzejuen antolaketa ez da berdina. 12/1991­ Foru Legearen arabera, 16 eta 50 biztanleko kontze­juen kasuan, lehendakaria eta herrita­rren asanblada ardura­tzen dira kon­tze­­­juko lanaz eta 50 biz­tan­­letik goitikoetan junta bat dute. Horixe da Lega­sa, Narbarte eta Oieregiren kasua: junta bat dute­, presi­denteak (alkatea deitua) eta lau bokalek osatua. Legearen arabera, lau urtetik be­hin egin behar dira kon­tzeju­ko ordez­kariak auke­ratzeko hauteskundeak eta aurten tokatu da. Maia­tzean egin zen lehenbiziko deialdia eta hiru he­rrietan ez zen inor aur­kez­tu. Urrian­ bigarren deialdia egin­da­koan ere zerrenda­rik gabe gelditu ziren hiru­ kon­tzejuak eta airean dago hurrengo lau ur­teetan zer gertatuko den.

Zerrendarik ez aurkez­tearena ez da be­rria. Legasan, duela­ lau ur­­te, lehenbiziko deial­dia hutsik gelditu eta bigarre­nera­ko osatu zen taldea. Orduan sartu ziren Aitor Zelaieta, Asier Irisarri, Laura­ Andresena, Iban Urriza eta David Andresena kon­tze­jura. Narbarten aspal­di­ ez da kontze­jua berri­tzeko hau­teskun­derik egin. Ze­rrendarik ez, eta botazio bidez aukeratu dira az­ken aldietan ordez­ka­riak: Jabier Arre­txea, En­ri­que Oteiza, Itziar Iriar­te, Manuel Irun­garai eta Jo­­se Mª Iriarte daude juntan. Eta Oieregin orain lau urte talde ba­karra aur­kez­tu zen hau­tes­kundee­tara­ eta aldi honetan inor egin ez denez, segitzekotan di­ra: Jo­se Ja­bier Nose­llas, Juana Paula Galañe­na, Alejo Mindegia, Jose Mª Gala­rre­gi eta Carlos Zamora dira.

 

Antonio Erregerena, Bertizaranako alkatea

«Ez dago aski baloratua kontzejuetako alkateek herrietan egiten duten lana»

Maiatzeko hauteskundeak irabazita, Bilduko Antonio Erregerena da Bertizaranako alkate berria. Hauteskunde aitzinetik Bertizaranako hiru herrietarako albinte bat hartzearen aldeko apustua eginen zutela iragarri zuten, eta orain ere asmo ho­rri eusten diote: «albin­tearen figura sortu nahi dugu eta horrek orain kontzejuetako alkateek egiten dituzten lanak eginen li­tuzke». Izan ere, Erregerenaren irudiko, «ez dago aski baloratua al­kateek herrietan egiten duten la­na. Kon­tzejuetako alkateek ardu­ra haundia dute, eta trukean ez du­te deus ere». Gaineratu digunez­, «zerbait ongi egitean batzuk hurbiltzen dira zerbait erratera, baina­ batez ere, akats ttiki bat dela ere, beti kritika destruktiboa egitera hurbil­tzen da jendea». Kontze­jue­tako ordezkariak hautatzeko biga­rren hauteskunde­ deialdian ere ez da inor aurkeztu ez Oieregin, ez Narbarten eta ez Legasan ere, eta horren harira, «komodo jarri gare­la» uste du Errege­renak: «jendea ez da motibatua ikusten, ez dela­ko aski kontu­ra­tzen kon­tzejue­ta­ko alkateen lana nolakoa den. Jendea hurbildu­ko­ balitz, eta zer lan egiten den ikusko balu...». Egoeraz jabetuta, alkateen ardura­ arindu egin nahi dute albinte bat kontratatuta: «begira hasiak gara­ –dio Erregerenak–, eta heldu den urtean ea nondik lortzen ahal dugun eta zein dirurekin konta­tzen­ ahal dugun». Oposaketa bidez aukeratuko lukete. Eta horrez gain, kontze­juen eta Udalaren arte­ko el­kar­la­na­­ bul­tzatu nahi dute: «udaletxean gaudenetik, alkateei eskua botatzen saiatu gara. Hirigin­tzan, argindarrarekin eta depu­ra­doraren gaian elkarrekin ari gara. Erabakiak hartu aitzi­netik, bilerak egiten ditugu denon adostasuna bilatzeko. Bi aldeen arteko elkarlana indartuta lana erraz­tuko da».

 

KONTZEJUETAKO ALKATEAK SOLASEAN

Aitor ZELAIETA | Legasa

«Joera honekin, kontzejuarena dena Udalari pa­satzeko aukera eskura uzten diogu Gobernuari»

Duela lau urte kontzejuko ordezkariak izendatzeko hauteskundeak deitu­ zirenean, lehen deialdian ez zen inor aurkeztu Legasan­ eta bi­ga­rrenean­ taldea osa­tzea­ erabaki­ zuten Aitor Zelaietak eta kon­tze­ju­ko bere kideek. Botazioa egin eta alkate izen­datu zuten. «Ilusio haundiarekin» hasi­ zirela kontatu digu, baina orain egunerokoa alda­tu­ zaien­ honetan, bil­tzeko «gaizki» ibiltzen omen dira. Kon­tze­juak­ bere­ dedikazioa eska­tzen duela aitortu digu: «bile­rak, deiak­, lotura, jendea etxean edozein ordu­tan­...». Eta dena mu­su­truk­.­ «Kexak­ esker­ oneko hitzak­ baino gehiago» dire­la azaldu digu: «edozein gau­za­re­­­kin­ jaleoak izaten dira eta inork ez du kon­­tze­­juan sartu nahi». Bere ustez, «ar­du­­­­ra­ ez har­tze­ko joerak segi­tzen badu, kon­tze­­juak ez du diztira haundiko etor­ki­zu­nik izanen. Go­ber­nua­ri eskura uzten diogu kon­tzejua­re­na dena Udalari pasa­tze­ko aukera». Alde horretatik «kon­tzeju­tik pasa­tzeko denek kon­tzien­­­tzia­tuak­ egon beharko lu­ke­te­la», iritzi­ dio. albintea­ jar­tzea­ren al­­dekoa ere ba­da: «udan langi­leak har­­tzen dira eta horren ordez, kontzejuan sartu ginenean, hiru he­rrien­dako lanpostu­ bat sor­tzea proposatu genion Udalari, baina ez zuen beharra ikusi. Iduri du orain­go Udalak albintea hartu­ nahi duela eta ho­rrek lagunduko luke. Udalarekin elkar­la­­nean, gauzak hobe­tzen ahal dira». Herri­ta­rrei, berriz, mezu­ hau luza­tu die: «ahal dena egiten saia­tu gara eta ea anima­tzen diren eurek kontze­juan sar­tzera».

 

Jabier ARRETXEA | Narbarte

«Hemen ez dago dirurik eta kobratu gabe inork ez du lanean ari nahi»

Zortzi urte daramatza Jabier Arre­txeak Narbarteko alkate gisa. Ez bera eta ez kon­tze­juko ber­tze kideak ere, ez ziren hauteskundee­tan aukeratuak izan, inor aurkeztu ez, eta talde bat osatu zute­la­­ko bai­zik: «aspaldian Narbarten ez da­ hautes­kunderik egin kontzeju­ko ordezkariak aukeratzeko. Inor aur­­kezten ez denez, bota­zioa egiten da eta bo­to gehien dituztenei dei­tzen zaie». Ho­rre­la sartu zen alkate. Kon­tzejuak «nahiko egoera kaxkarrean» ikusten ditu Arre­txeak: «ez da­go diru sarrerarik, lanak badira, eta kobratu­ gabe­ inork ez du lanean ari nahi». Bere­ ustez­, «gero eta patxadazaleagoak gara­ eta gazteek­ ez dute kon­tze­juan sar­tzeko asmorik». Jendearen ja­rre­­raz­ ere aritu zaigu: «zerbait­ ona eginez gero, batek edo ber­tzeak esker­tzen du, baina­ kritika­tze­ko denak prest gaude. Gi­be­letik­ ari­tzeko beti­ bada bakarren bat eta ho­rrek gogoa ken­tzen du». Ez du uste kon­tz­e­­ju­ko­ lana zai­la denik, «go­goa eta arabe­rako taldea» izanez gero, ongi era­ma­­n daitekeela­ pen­tsa­­­tzen baitu. Orain­go Udala­re­kin duten harremana «hobea» dela ere kontatu digu eta albintea jar­­tzearena «ideia ona» delakoan dago: «aspal­di genbil­tzan ho­rren gi­beletik eta gure lana­ arindu­ko lu­ke». Antolaketarekin, ordea, kriti­ko ageri da: «dagoen diru pixarra­ uda­letxean dago eta edozein obra­ haundi tokatzen dela, gastuak erdibana egin behar dira». Udalak zer­gen bidez ber­tze modu batera­ joka dezake baina kon­tzejuak ezin du deus egin».

 

Jose Jabier NOSELLAS | Oieregi

«Kontzejuko lana ez da hagitz lotua baina beti bada zerbait eta denbora joaten da»

Lau urte egin ditu Jose Jabier Nosellasek Oieregiko alkate lanean eta seguruenik bertze lau urtez se­­­gituko du, hauteskunde hauen bi­garren deialdian ere ez baita inor aurkeztu. «Bertze lau urte pasatu­ta ikusiko dugu zer geratzen den», adierazi digu. Bere hitzetan, «kon­tze­ju­ko lana ez da ha­gitz­ lo­tua, bai­na be­ti bada zerbait­ eta denbo­ra joa­ten­ da. Inor ez dago denbora­ gal­tze­ko, eta are gu­ttia­go, ko­bra­tu­­­ gabe». Kon­tze­juak­ egoera «nahiko kaxka­rrean» ikusten di­tu: «hemendik urte batzue­tara agian desagertuko direla esaten zen lehen­. Gainera, osat­ze­ko­­ be­ti ara­zoak­­ izaten dira». Kon­tze­juek etorkizuna izatea gus­ta­tuko litzaoke, herri­ta­rrengandik hur­bi­lago daudelako, baina «krisia­re­kin, Gobernuak­ dirulagun­tzak mu­rriz­ten baditu, dena udaletxe­ra joanen da eta gu­ri dena kendu­ta­ ez dugu­ deus egitekorik izanen». Jendearen aldetik, ordea, ez du pr­e­sio­rik­­­ naba­ritu: «biztanle aunitz­ ere ez gara, eta ez dut kexa­rik­ soma­tu. Alderan­tziz, ez dira hain­­ber­tze sartzen». Urak eragiten­ omen die buruhausterik haundiena: «ura falta ba­da, jendea­ kexa­ka­ has­ten da. Hemen bizi garenok­ ba­dakigu zer den hori, baina hemen bigarren etxe­bizi­tza­ du­­­ten kanpokoak exijen­tzie­kin­ etor­tzen­ dira». Udalarekin duen­ ha­rre­­mana ona dela ere aitortu digu: «udal berria­rekin ongi­ hasi gara eta aurre­koa­re­kin ere nahi­ko­ harreman ona genuen». Eta albintea jartzeari buruz?­­­ «Ongi ­etorriko litzateke eta gau­­za ba­tzuetan gure lana arindu­ko luke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun