Ekainaren 11n hartu zuten udaletxeko arduradun berriek kargua. Gogoratu, 203 boto edo botoen %58 eskuratuta Bilduk irabazi zituela maiatzaren 22ko hauteskundeak eta ondorioz, alkatetza eta hiru zinegotzi izanen ditu. Bertizaranako Elkartaldeak, berriz, 137 boto eskuratu zituen eta beraz, hiru zinegotzi. Hauteskunde hauetako parte-hartzea, bertzalde, %72,33koa izan da, duela lau urtekoa baino zertxobait altuagoa –2007an %70,02koa izan zen–. 2003ko datuekin konparatuz ere igo egin da; orduan %60,31koa izan zen.
Kargu hartze ekitaldian, sei zinegotzi egon ziren, batek ezin izan zuen joan eta aho batez erabaki zuten alkate Antonio Erregerena izendatzea, eta sei boto lortu zituen.
Zinegotzi lanetan, Bilduko Josune Ibarra, Jose Mª Etxart eta Aintzane Martirena ariko dira eta Elkartaldetik Andres Etxenike, Blas Andresena eta Mertxe Ibarra izanen dira.